Kaia. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Donostiako turismo datuak onak diren honetan, bisitarien etorrera aprobetxatu eta “hiria erakargarri” eduki behar dela uste du PPk. Kaia izan dute hizpide oraingoan, eta gune horren erabateko eraberritzea egin beharko litzatekeela uste dute.
Horretarako eskumena Eusko Jaurlaritzarena da, baina PPk “konpromisoa eta Donostiari bultzada” ematea nahi du. Ramon Gomez, bozeramaile popularraren arabera, ez da lehen aldia Kaia eraberritzeko eskatzen dutena. Aurrez ere, Udalbatzak eskatu zion Gasteizko Gobernuari lonja eraberritzeko.
Ramon Gomez, PPko bozeramailea. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Gomezen esanetan, lonja da hain zuzen ere, gunearen erdi erdian geratzen dena eta berritzeko behar gehien duena; “Itxura txarra ematen du, eta kiratsa dario gainera. Penagarria da, lokal hori oso egokia baita beste erabilera bat emateko: turistikoa, gastronomikoa edo, arrantzarekin loturiko erabilera bat, noski. Baina horretarako eraberritu beharra dago”.
Kaiko eliza eta Aquarium-aren arteko bidea berritu dute, eta Gomezen arabera, “oso polita geratua da”, baina Kaiak erabateko berrikuntza behar du. Tartean baita, amarraleku berriak ere; “Amarralekuak ez daude ondo aprobetxatuak, eta txukuntzen badira, txalupa duten donostiarrek bertan utzi dezakete, edo agian baita bisitariek ere. Aukera asko daude, baina borondatea behar da”.
Horregatik, Eusko Jaurlaritzari kaiaren erreforma eskatzeko mozio bat aurkeztuko du PPk biharko udalbatzarrean.