Sortuk ekitaldi bat egingo du bihar Bulebarrean, 'Bateragune auziko' erabakia salatzeko
Bateragune auziko bosten defentsak Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegira joko du. Horixe iragarri du gaur Jone Goirizelaia abokatuak. Dena den, nabarmendu du oso litekeena dela auzipetuek kartzela zigorra amaitua izatea prozesua amaitzerako. Hain zuzen ere, zigortuek Auzitegi Konstituzionalean aurkeztu zuten babes helegitea Konstituzionalak berak atzera bota eta gero, Espainiako Auzitegi Gorenak ezarri zien sei urteko edo sei urte eta erdiko kartzela zigorrak osorik bete beharko dituzte Arkaitz Rodriguez altzatarrak, Rafa Diez donostiarrak eta Arnaldo Otegik, Miren Zabaletak eta Sonia Jacintok.
Egoera hori salatzeko, Sortuk ekitaldi bat egingo du bihar Bulebarrean, 19:00etan, Aski da! Auzi politikorik ez leloarekin. Sortuko kide Marije Fullaondo eta Joxean Agirre agertu dira gaur hedabideen aurrera Konstituzionalaren osoko bilkuraren erabakia baloratzeko, eta, biharko ekitaldia iragartzeaz gain, salatu dute “estatu estrategiari erantzuten dion erabaki politikoa” dela. Fullaondok zehaztu du “independentismoaren kontrako borroka estrategiari” erantzuten diola erabakiak, eta funts juridikorik ez duela. Fullaondok adierazi du “bakearen etsaiek” beldur diotela bakeari, bere hitzetan, ez dutelako eskaintza demokratikorik Euskal Herriarentzat. Zentzu horretan Sortuk salatu du PPk eta PSOEk “agenda bera” dutela “prozesua deusezteko”. Baina horren aurrean mezu bat ere bota du: “Ezingo dute geldiarazi herri gisa dagozkigun eskubideak lortzea”.
Espainiako Auzitegi Konstituzionalak onartu egin du Gorenaren erabakia, defentsaren eskaerak atzera botata. Baina ez du aho batez egin, eta zalantza ugari utzi ditu agerian: zazpi epailek eman dute presoek eskatutako babesa onartzearen aurkako botoa, eta bostek aldekoa. Zigortuek arrazoi zutela uste duten epaileek, gainera, boto partikularrak egin dituzte bere desadostasuna publikoki agertu eta arrazoitzeko.