Istripua izan duen furgoneta, tailerrean. (Argazkia: Etxerat)
Etxeratek agerraldi bat egin du gaur, Donostiako Ibaeta Motor tailerraren aurrean. Hain zuzen ere, tailer horretan sakabanaketak eragindako azken istripuaren ondorioak ikus daitezke, bertan baitago joan den uztailaren 19an istripua izan zuen furgoneta. Mirentxin furgonetak Alacanterako bidean izan zuen ezbeharra, Euskal Herritik 700 kilometrora, Villenako espetxera bisita egiteko zenbait presoren senide eta lagunak eramaten zituenean.
Etxeratek salatutakoaren arabera, urteko zortzigarren istripua izan zen larunbatekoa. “Sakabanaketak 25 egunetik behin istripu bat eragin du espetxeetara bidean. 8 istripu 7 hilabeteetan; azken istripuan, bakarrik, 6 kolpatu egon dira. Orotara, aurten, 25 lagunek baino gehiagok izan dute istripua”, azaldu dute.
Sakabanaketak 25 urte bete ditu aurten. Murtzia, Castello, Topas, Badajoz, Villabona, Villena… espetxe horietara joateko bidean izan dira istripuak, besteak beste. “Eta nola ahaztu sakabanaketak urte hauetan eragin dituen 16 hildakoak. Hauxe gure errealitatea. Hauxe tristeki, sakabanaketaren aurpegia”, nabarmendu dute. “Ez hori bakarrik. Sakabanaketak ez du etenik. Gure senideen gehienak Euskal Herritik urrunen dauden espetxeetan dituzte preso. Guztira, egun, 472 euskal preso politiko daude espetxeetan. Horietatik, 196 preso, 1.100 eta 800 kilometrotara daude espetxeratuta. Hau da, 2.200 eta 1.600 kilometroren arteko bidaiak egitera behartzen gaituzte. Euskal Herriko espetxeetan, ostera, 5 dira espetxean dauden euskal preso politikoak”, adierazi dute.
Villenako bidean izandako istripua, zoritxarrez, beste adibide bat besterik ez dela azpimarratu dute. “Furgoneta honi gertatutakoa gure egoeraren metafora lazgarria da. Ia 700 kilometrotako bidea egin ostean, espetxera iristen ari zirela, goizeko ordu txikietan, horma batekin kolpatu ziren. Ostiraletan irteten dira Mirentxineko boluntarioen furgonetak espetxeetara. Bidaiari ekiten dioten askok lana egin dute kotxea, hegazkina, itsasontzia edo furgoneta hartu aurretik. Lana, aste osoko neketsua, espetxera zehaztutako orduan iristeko beharra, tentsioa, urduritasuna… 700 kilometrotako joana, 700 kilometrotako etorria. 1.400 kilometro guztira. Villenara kasu honetan. Baina 2.000 kilometro baino gehiago dira Puerto III, Clairvaux edo Baupaume bezalako espetxeetara astero doazenak. Orduak eta orduak errepidean”, erantsi dute.