Altzako egungo kiroldegia duela hogei urte eraiki zuten. (Argazkia: Nagore Koch)
Altzatarrek gertuago dute kiroldegi berria. Halaxe adierazi du Hirigintza zinegotzi Ricardo Burutaranek, gaurko udalbatzarrean. Hain zuzen ere, hasierako onarpena ematen diete Oleta, Harria, Buenavista Gaina eta Auditz Akular eremuetan egin beharreko aldaketei Plan Orokorrean, etxebizitzak aurreikusita zituen espazioak kirol ekipamenduari tarte egiteko. Aho batez onartu zuten aldaketa udal taldeek. “Altzak kiroldegi berri bat izateko kronometroa abian jarri da”, esan du Burutaranek.
Egitasmoak 10 milioi euroko aurrekontua izango du, eta, gaur adostutakoari behin betiko onarpena eman ostean, urtebeteko epean hasiko dira lanak. Burutaranen arabera, urte bukaerarako bigarren onarpena lortzea espero dute, datorren urteko lehen lauhilekoan behin betiko onarpena etortzeko. Egun horretatik aurrera, urtebeteko epea emango dute lanak hasteko. Kiroldegi berria eraikitzen 2016. urte hasieran hastea espero dute. Amaitu, berriz, 18 hilabetean bukatzea aurreikusi dute.
Kiroldegia bakarrik ez, altzatarrek aisi gune eta espazio ireki bat irabaziko dutela aurreratu du Burutaranek. Kiroldegia egitea ahalbidetuko duen lehen pausoa izateaz gain, inguru guztia eraldatuko duen proiektua dela gogoratu du. Izan ere, kiroldegi ingurua auzotarrentzako topaleku bihurtzea dute helburu, Tomasene eta Casares kultur etxeekin eta haurtzaindegiarekin lotura izango duen oinezkoentzat eremu zabal bat sortuko baitute.
Oposizioa pozik azaldu da hartutako erabakiarekin. EAJko bozeramaile Eneko Goiak adierazi du Altzako kiroldegia “lehentasun” bat dela, egungoa “egoera okerrenean” dagoen kirol ekipamendua dela nabarmendi eta gero. PPko zinegotzi Jose Luis Arruek, berriz, atari irekiko igerilekua zortzi kalekoa izatea eskatu du, bertan txapelketa ofizialak egin ahal izateko. Pozik azaldu da PPko ordezkariak ere, Altzak gune ireki bat izango duelako. Azkenik, PSE-EEko zinegotzi Enrique Ramosek onartu du sentsasio “gazi-gozoa” dutela, bere iritziz, Auditz Akular egin ez izatearen ondorioa delako aipatutako aldaketak egin behar izatea. Hirigintza zinegotziak haserre erantzun dio, “albiste on bati ere alde txarra bilatzeagatik”.
Gaur egungo kiroldegiak duela hogei urte eraiki zuten. Hiriko zaharrenetakoa da, egun daudenen artean. Altzako kiroldegi berria egiteko ezinbestekoa zen aurretik eremu horri dagokion Hiri Antolamendurako Plan Orokorra aldatzea, eta hori egin dute gaur. Izan ere, planak Larres eremuan, edo kiroldegia dagoen eremuan, 158 etxebizitza eraikitzea aurreikusten zuen. Plan Orokorraren aldaketan, beste bi gune ere sartu dituzte. Batetik, Oleta Larres eremutik banandu dute, eta bere garapen proiektu propioa zehaztu beharko diote. Bestetik, Auditz Akularren zati bat kiroldegiko eremuari gehitu diote. Aldaketa honek ez du aldaketa berezirik behar, dagoeneko ekipamendu eremu gisa definitua baitago.
25 proiektu
Hirigintza prozesua garatzearekin batera kiroldegi berriaren proiektua ere garatuko dute. Hala, ideia lehiaketara aurkeztutako 25 proiektuetatik bost aukeratu beharko dituzte. Hauek euren egitasmoa sakonago garatu beharko dute, diseinua, kalitate arkitektonikoa, mantentze lanak ahalik eta txikienak izatea, eta ingurumen irizpideak kontutan hartuz. Azkenik, bost proiektuen garapena altzatarrei aurkeztuko diete, egoki ikusten dituzten ekarpenak egiteko, proiektua hobetzeko eta auzoaren beharretara ahal den ondoen egokitzeko.