Iazko irabazle Tony Gallopin, helmuga zeharkatzen. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Donostiako Klasikoak berritasunak ekarriko ditu aurten; garrantzitsuak, gainera, beti ere ikuskizuna eskaintzeko helburuarekin. Atzo egindako aurkezpenean jakinarazitakoaren arabera, zortzi kilometro faltan, Igeldoko Meteorologia Behatokiraino igoko dira txirrindulariak, baina Ibaeta eta Portuetxetik; hots, Igeldoko hormatik. Zati horrek bi kilometro eta erdi inguru ditu, %9ko batez besteko maldarekin; %20ko hiru aldapa, tartean. Bordako Tontorra izena jarri diote igoera honi, bigarren mailakoa izendatu ere, eta bertatik zortzi kilometro besterik ez dira geratuko helmugaraino. 219 kilometro izango ditu orotara lasterketak.
Azken urteetan bezala, Jaizkibel eta Arkale bi aldiz igoko dute Donostiara iritsi aurretik. Bulebarreko helmugatik igaroko dira, 203 kilometroan, Igeldoruntz joateko, Kontxa pasealekutik. Beste berrikuntzetako bat Iturburu gainaren igoera izango da; Garate gainaren ordez igoko dute bigarren mailako mendatea.
Donostiako Klasikoa abuztuaren 2an izango da, Frantziako Tourra bukatu eta hurrengo asteburuan. Izen handiak espero dituzte, ohi bezala: Alejandro Valverde, Joaquin Rodriguez eta Peter Sagan, kasu.