Emakume batek piztu du metxa kanoikadan lehen aldiz
Luis Mokoroa, artillero nagusiaren alabak, Onintza Mokoroak piztu du metxa; “berdintasunaren bidean, emakumeei egindako keinu bat” izan dela esan du alkateak.
Kanoikadaren danbadarekin eman diote hasiera Aste Nagusiari. Gero eta jai parte hartzaileagoak egitea dute helburu, eta horregatik, egitarau ofiziala osatzen lagundu duten elkarteek izan dute Artillero abestia kantatzeko ardura.
Udal zinegotziekin batera, zapi gorri lepoan jantzita, 26 elkarteetako launa kide igo dira agertokira, bakoitza bere jantziekin. Hala, aniztasuna begi bistan geratu da, askotarikoak izan baitira Aste Nagusiko egitaraua osatzen parte hartu dutenak.
Artilleroren ondoren etorri da kanoikada. Aurten lehen aldiz emakume batek piztu du metxa. Izan ere, orain arte artillero nagusi izan den Luis Mokoroak bere alaba Onintza Mokoroari pasa dio lekukoa, eta bera izan da jaia eztandarazi duena. Kanoikandaren danbadak lehertu du jaia, beraz.
Artillero bat zauritu da
Alderdi Ederreko ekitaldi nagusia amaitzear zela, artillero bati eskopetak eztanda egin dio eskuetan. Itxura guztien arabera, ez du zauri larririk, baina eskuak belztuta joan da Gurutze Gorriko kideen gunera, eta bertan artatu dute.