"Gaixotasun larriak dituzten presoak kalean nahi eta behar ditugu"
Preso gaixoak aske behar dutela izan aldarrikatu dute Donostian.
Milaka pertsona batu dira Preso gaixoak kalera! lelopean egindako manifestaziora. Espetxe politika salatu eta kartzelan gaixo daudenak berehala aske uzteko atera dira kalera gaur arratsaldean. Bulebarretik irten da manifestazioa, 17:00ak inguruan. Artzain Onaren plazara iritsi denean, manifestazioak oraindik Hernani kalean jarraitzen zuen. Ibilbide osoan, Euskal presoak etxera eta Presoak kalera, amnistia osoa oihuak entzun dira.
Gipuzkoarrak diren hiru preso politikoren egoera salatu dute: Ibon Fernandez Iradi, Garikoitz Arruarte eta Aitzol Gogorza. Zuloaga plazan bukatu da protesta, eta adierazpen bat irakurri dute bertan. Hain zuzen, Fernandez Iradi, Arruarte eta Gogorza presoak askatzearen aldeko herri plataformek deitu dute martxara. Errenteria-Oreretako plataformako Rosa Galparsorok hartu du hitza amaierako ekitaldian. Egoera jasanezina dela azpimarratu du: “Ahalik eta tratamendu duinena behar dute, eta hori kartzelan ez da posible. Gaixotasun larriak dituzten presoak kalean nahi eta behar ditugu”.
Hiru preso gipuzkoarrak gogoratzearekin batera, beste hainbat preso ere aske uzteko eskatu dute: Ibon Iparragirre, Ventura Tome, Txus Martin, Josetxo Arizkuren, Jose Ramon Lopez de Abetxuko, Inma Berriozabal, Iñaki Etxeberria eta Jose Miguel Etxeandia.
Manifestazioan parte hartu dute, besteak beste, Juan Karlos Izagirre alkateak, Joseba Permach eta Joseba Alvarez Sortuko kideak eta Xabier Mikel Errekondo Amaiurreko diputatuak.