Irailaren 13an ospatuko den Koxk! festarako boluntarioen kanpaina abian da
Koxk! (Egin koxk elkartasunari!) ekimenari begira boluntarioak lortzeko kanpaina jarri du abian Intxaurrondoko Gastronomia Elkarteak. Boluntarioen laguntza ezinbestekoa izango da festa aurrera ateratzeko. Antolakuntzaren lehen kalkuluen arabera 50 boluntario beharko dira lau guneetan dauden beharrak erantzuteko. Horien lana, gehienbat, egunean bertan guneetan eta ibilbidean zehar kokatuko diren taberna eta dastaketa postuetan zerbitzari lanetan aritzea da, nahiz eta, antolakuntzen beharren arabera aldaketak egon litezkeen.
Boluntario guztiei eskatuko zaie behin gune bakoitzeko ekintzak amaituta, desmuntaian laguntzeko, asmoa baita dena jasota edukitzea irailaren 13 arratsalderako. Behar horietaz gain, guneak eta ibilbideko postuak muntatzeko boluntarioak ere beharko dira.
Lan hori irailaren 11 aldera egiten hasiko da antolakuntza. Boluntario gisa izena emateko aski da helbide elektroniko bat bidaltzea koxk.voluntarios@gmail.com helbide elektronikora, bertan zehaztuz: izena eta abizenak, telefono zenbakia, adina, helbide elektronikoa eta muntaian laguntzeko prest ote zauden edo ez.
Behin boluntario guztien datuak bilduta antolakuntzak bilera bat antolatuko du irailaren lehen asterako, horren helburua pertsona bakoitzari bere lana zein izango den zehaztea izango da.
Ostalariei gonbidapena
Boluntarioen kanpaina martxan jartzearekin batera Intxaurrondoko Gastronomia Asteak ostalariak gonbidatu nahi ditu Koxk!-en parte hartzera. Egunean bertan guneetan eta ibilbidean zehar jarriko diren postuetan euren txokoa izatera animatu nahi dituzte, euren pintxoak saldu ditzaten.
Elkartasun ekimen bat den heinean, antolakuntzaren planteamendua da saltzen den pintxo bakoitzeko erdia ostalariarentzat izatea eta beste erdia Zaporeak Proiektuarentzat. Parte hartu nahi duena jar dadila antolakuntzarekin harremanetan koxk.koordinazioa@gmail.com helbide elektronikoaren bitartez.