90.000 eurotik gorako kalteak izan dituzte piratek
Laguntza eskatu dute kalteei aurre egin ahal izateko.
Gaur goizaldeko ekaitzak eragindako kalteen kontaketa egin dute Donostiako Piratek, eta egoera “oso latza” dela adierazi dute. Kalte materiala handia izan da, batez ere musika materialari eta azpiegiturari eragin diona. Haizeak eta euriak tresna asko txikitu ditu eta jai herrikoen proiektua “ukituta” geratu dela aitortu dute.
Programarekin aurrera egiteko erabakia hartu duten arren, beharbada aldaketa batzuk egin beharko dituztela azaldu dute. Halere, argi dute ez direla besoak gurutzatuta geratuko, eta ekitaldi berriak lotzeko lanean ari dira.
Laguntza eskatu dute kalteei aurre egiteko, eta kontu korronte bat eman dute, “bakoitzak ahal duen neurrian” laguntza eman ahal izateko: 3035 0149 45 1490027294.
Eta babesa ematen jarraitzeko eskatu dute, datozen egunetan La Flamenkara, Kantina Piratara eta Nautikoko gunera gerturatuz eta bertako ekitaldietan parte hartzen: “Une hauetan inoiz baino gehiago zuen babesa behar dugu. Pena handia izango litzateke Donostia abordatzeari utzi behar izatea gau oker baten erruz”.