Haize ufada gogorrek La Flamenka gunea kaltetu dute
Piratek abian jarri dute gaur goizaldean segurtasun protokoloa, eta jendea aterarazi egin dute.
Kofradietako kideak La Flamenka guneko kalteak konpondu eta txukuntzeko geratu dira.
Eguraldiak kalte handiak eragin dizkio piraten La Flamenka guneari. Gauerdia pasata, euri zaparrada bota zuen eta haize ufada gogorrek jo zuten. Esne Beltza taldea bertan jotzekoa zen, baina bertan behera utzi behar izan zuten kontzertua. Piratek segurtasun protokoloa jarri zuten abian, eta jendea aterarazi egin zuten berehala, karparen egitura kolokan baitzegoen.
La Flamenka guneko eszenatokian izan dira kalte handienak, soinu ekipoan eta ekipo teknikoan. Oraindik kalteen neurria neurtzen ari dira. Kolpe handia izan da, musika ekipamenduetan, Nautikoko DJ gunean eta haizeak bota zuen barran izan baitituzte kalteak.
Piratek azaldu dute galera ekonomikoak eta materialak ekarri dituela. Orain piraten kofradietako kideak elkartu dira La Flamenka berriz muntatu, garbitu eta txukuntzeko. Gau gogorra pasa dute piratek, hainbat boluntario bertan egon baitira gunea zaintzen, segurtasuna bermatzen eta lanean.
Piratek La Flamenka gunea aurrera ateratzeko egindako auzolana azpimarratu dute, eta eskertu dute goizaldean jasotako laguntza, hainbat tabernatatik arropa lehorra, edariak eta janaria ekartzera joan baitziren bertara.
Oztopoak oztopo, egitarauarekin aurrera jarraituko dutela ziurtatu dute piratek, eta egoerari buelta ematea lortu dutela.