Izagirre: "Jairik herrikoienak, parte hartzaileenak, euskaldunenak, irekienak eta anitzenak izaten ari dira"
Alkatearen arabera, eguraldia eta eraso sexista izan dira festetako alde ilun bakarrak.
Aste Nagusiaren erdira iritsitakoan, Donostiako Udalak hamaiketako bat eskaintzen die kazetariei eta hiriko hainbat eragileri. Juan Karlos Izagirre alkatearen esanetan, “Aste Nagusiak bere izaera hartzen du, atzean lanean dabiltzan hainbat pertsonengatik”. Horieta pertsona asko bildu dira gaur eguerdian udaletxeko Udalbatza aretoan, Piratak, musikariak, ostalariak, kultur ordezkariak… Pintxo eta edariz beteriko mahaiaren inguruan bildu dira guztiak, festen nondik norakoak hurbiletik komentatzeko batzuen eta besteen artean. Izagirreren arabera, horixe izaten baita gaurko ekitaldiaren helburua; “festen garapena protagonisten ahotik ezagutzea”.
Aste Nagusiaren balorazio orokorra jaiak amaitutakoan egingo dutela adierazi du alkateak, baina erdira iritsita, lehen balorazioak egin ditu. Izagirreren esanetan, “aurtengoak inoizko jairik herrikoienak, parte hartzaileenak, euskaldunenak, irekienak eta anitzenak izaten ari dira”.
Donostiako Udalaren egitarau ofiziala eta Piraten egitaraua elkarren osagarri direla nabarmendu du, eta guztien lanak “beste kolore bat” ematen omen dio Aste Nagusiari. Bide horretan lanean jarraitu behar dela esan du Izagirrek, eta udaleko boluntarioen nahiz hiriko beste hainbat eragileren ahalegina txalotu du.
Alde negatiboa
Jendearen parte hartzeari dagokionez, balorazio positiboa egin du alkateak; “jende asko dabil kaleetan, eta hori nabari da giroan”. Eguraldia eta lehen eguneko eraso sexista dira orain arteko alde ilunak.
Eguraldia ez dela asko laguntzen ari aipatu du Izagirrek, “baina Euskal Herrian gaude, euria egiten du, eta eguraldi txarrarekin ere jaiaz gozatzen jarraitu behar dugu”. Bart izandako ekaitzari dagokionez, bereziki Saguesen eta Kaian izandako kalteak aipatu ditu. Goizean bertan izan da alkatea, eta kalteak konpondu ondoren egitarauak normaltasunez beteko direla adierazi du.
Dena dela, bart gauean bi guneetako antolatzaileak txalotu ditu alkateak, “erabakiak azkar eta ondo” hartu zituztelako, eta guztien jarrera ona nabarmendu du.
Eraso sexistari dagokionez, “ez festetan eta ez inoiz, ez Donostian eta ez beste inon, ez dago eraso sexistarik onartzerik”, esan du Izagirrek. Gainera, edozein keinu matxista salatzeko deia egin die herritarrei.