Kontxa pasealekua suak ikusteko gune bihurtuko du udalak
Ostegun, ostiral eta larunbatean zirkulazioa moztuko dute Kontxa Pasealekuan, Mirakontxa pasealekuaren eta Antiguako tunelaren artean, 22:00etatik 23:15era.
Su artifizialak ikusteko 6.000 metro koadro gehiago izango dituzte oinezkoek. Oinezkoentzako espazio gehiago lortzeko helburuarekin, udalak ibilgailuen zirkulazioa etengo du Kontxa pasealekuan. Ikusleen segurtasuna eta erosotasuna hobetuko delakoan dago udala. Neurri hau probatu egingo dute datozen hiru egunetan, ostegun, ostiral eta larunbatean. Ikusleen harreraren arabera, hurrengo urteetan neurri bera ezarri ala ez erabakiko luke.
Udalaren ustez, neurri honek badu beste abantaila bat: itsasgora denean, Kontxako hondartzan izan daitekeen espazio faltari aurre egiteko ere balioko duela. Aurten, hain zuzen, neurria hartuko den egunekin bat egingo du itsasgorak.
Garraio publikoa Mirakontxatik
Garraio publikoa bi norabidetan bideratuko dute: Mirakontxatik, Sanserrekatik eta Pio Barojatik bideratuko dute, eta hemendik ohiko ibilbideetatik jarraituko du. Beraz, beharrezkoa da Mirakontxa Pasealekutik joatean arreta berezia jartzea, autobusak bi norabidetan ariko baitira joan-etorriak egiten.
Pio Baroja-Sanserreka-n trafikoa garraio publikoari, larrialdietako ibilgailuei eta bertakoei baino ez zaie irekiko.