Kuadrillen arteko jolasekin euriari aurre egin diote piratek
Bart gaueko ekaitzak sortutako kalteak momentu batez ahaztu, eta arratsaldeko lehen ordurako kaiko La Flamenka gunea ireki dute Donostiako Piratek, prestatutako egitarauarekin aurrera jarraitzeko. Hain zuzen ere, kuadrillen arteko jolasak antolatu ditu Eskifaia kofradiak arratsalderako, eta esperotakoa baino ordubete beranduago izan bada ere, egin dituzte bai jolasak. Tartean, ordea, euriari aurre egin behar izan diote, eta ausartenek bakarrik lortu dute bukaerara arte iristea.
Amarako pirata batzuk kalejiran abiatu dira 15:30ak inguruan Pio XII plazatik La Flamenkara, Kaxianoren alabak taldearekin. Ederki pasa dute bidean, euria egin duen arren, eta pozik elkartu dira gainontzeko piratekin kaian. Kuadrilla mordoa batu dira La Flamenkan, eta hainbat jolas egin dituzte, jinkana, pertsonen curlinga eta giza piramideak arrautz jaurtiketarekin, tartean. Guztiek irabazi nahi zuten, eta garaileek sutsuki ospatu dituzte garaipenak. Hori bai, ongi pasatzea zen helburu nagusia, eta tartean euriagatik jolasak geratu behar izan dituzten arren, ederki pasa dute.