Martuteneko Katalintxo baserria eraisten ari dira
Martuteneko zubi berriko lanek irauten duten bitartean garraio publikoarentzako ordezko bide bat egingo dute Katalintxo baserria dagoen tokian. Baserriak ibilgailu handien joan etorria eragozten du eta horregatik bota behar izan dute. Gaur hasi dira eraiste lanekin.
Donostiako Udalak eta URA, Uraren Euskal Agentziak sinatutako hitzarmenaren arabera, urte amaieran egingo dute Martuteneko zubi berria, baina horretarako, udal gobernuaren arabera, beharrezkoa da aurrez ingurua egokitzea. Egokitze horren baitan dago Sarrueta pasealekuko Katalintxo baserriaren eraistea ere.
Hitzarmenaren arabera URA arduratuko da zubia ordezkatzeaz, eta Donostiako Udala eraisketez gain, beharrezko lurrak desjabetzeaz eta bi ekaitz tanga egiteaz arduratuko da. Horretarako, zortzi milioi eurotik gorako inbertsioa egingo du udalak.