295 plaza eta kaleri euskarazko izen ofiziala jarriko diete
Kaleko kartel eta ikurretan euskarazko nahiz gaztelaniazko izenak ikusi arren, kasu gehienetan euskarazko izena ez dago ofizialki erregistratua. Nerea Txapartegi, Euskara eta Kultura arduradunak azaldu duenez, 1979. urtea baino lehenago izendatuak dira hiriko kale gehienak, gaztelerazko izenak hartuz sarri. Erabilera aldatu bada ere, ordutik ez dira ofizialki euskaratu, eta orain emango dute pauso hori. Juan Karlos Izagirre, alkatearen arabera, “harrigarria da 2014an albiste hau eman beharra, baina hala da; bada garaia hiriko kale eta plazen izenak euskaraz jartzeko. Euskara hizkuntza ofiziala bada ere, harrigarria da orain arte Donostian hainbeste kale eta plaza euskaraz ofizialak ez izatea”.
Hala, datorren ostiraleko Gobernu Batzordean 295 plaza eta kaleri euskarazko izen ofiziala jartzea onartuko dute. Ondoren, iraileko udalbatzarrean berretsi beharko dute udal gobernuaren erabakia, baina alkatearen esanetan, eztabaida politikoez haratago, gainerako taldeen onarpena jasotzea espero dute.
Izan ere, alkateak adierazi duenez, “euskararen normalizazioan beste pauso bat izango da hau. Euskaraz ez dakitenek ikasiz, eta dakitenek erabiliz, auzoetan eta kaleetan euskararen normalizazio bultzatuz, euskararen hiria eraikitzeko bidean aurrera egingo dugu”.
Hiru motatako aldaketak
Txapartegik azaldu duenez, izenen aldaketak egiteko Euskaltzaindiak Donostiako kale izenei buruz emandako gomendioak eta arauak hartu dituzte oinarri, eta baita euskararen erabilera normalizatzeko udalak onartutako arau eta irizpideak ere.
Hiru multzotan banatu dituzte izena aldatuko zaien kale eta plazak:
1.- Izendapenaren muina euskaraz eta gaztelaniaz berdina dutenak; Easo plaza, Hernani kalea edo Matia kalea, esaterako. Multzo honetako izenetan, gaztelerazkoaren izena ez litzateke aldatuko.
2.- Euskaraz eta gaztelaniaz izen desberdinak dituztenak; hemen sartuko lirateke, adibidez, Artzain Onaren plaza / Plaza del Buen Pastor, Hondarribia kalea / Calle de Fuenterrabia eta Trinitate plaza / Plaza de la Trinidad. Kasu honetan ere, gaztelerazko izena bere horretan geratuko litzateke, baina euskarazkoa ere ofizial egingo lukete.
3.- Azkenik, euskarazko izena normalizatzearekin batera, gaztelaniazko izena ere egokituko luketen kasuak. Honela, Aiete pasealekua euskaraz eta gaztelerazkoa Paseo de Aiete izatera pasako da, eta ez Ayete; Gipuzkoa plaza euskaraz eta gazteleraz Plaza de Gipuzkoa izango da; edo Mundaitz kalea euskaraz, eta Calle de Mundaitz izango da gazteleraz, Mundaiz beharrean. Kasu hauetan, gaztelerazko izen berria ere onartu beharko litzateke.
Aldaketa hauek guztiak lan administratiboak direla azaldu dute, baina oso garrantzitsuak euskararen normalizaziorako. Izan ere, orain kalean euskarazko izenak ikusten diren arren, izapideak egiteko garaian ez dago horretarako aukerarik. Errenta aitorpena egitearen adibidea jarri du Txapartegik. Gaur egun, Hondarribia kalean bizi den donostiar batek ezin ditu agiriak izen horrekin bete esaterako, ez delako ofiziala.