Amarako parke bati 'Aitzol' idazlearen izena jartzea proposatu du EAJk
Usandizaga institutuaren eta Easo politeknikoaren aurrean dagoen parkeari Jose Ariztimuño, Aitzol idazlearen izena jartzea proposatu dute jeltzaleek.
Eneko Goiak adierazi duenez, Aitzol oso pertsona garrantzitsua izan zen euskal kulturarentzat pasa den mendearen 20. eta 30. hamarkadetan. “Haren ibilbidea 40 urte zituela moztu zuten errotik tropa frankistek 1936ko urriaren 17an fusilatu zutenean. Gaztetatik zekarren euskaltasun grina eta etengabe jardun zuen euskararen alde Gerra Zibilaren aurreko urteetan. Batez ere, euskararen eta euskal kulturaren alde gizartean egindako lanak egin zuen ezagun Aitzolen izena”, esan du Goiak.
Arrazoi horiengatik guztiengatik idazleak hirian izendapen bat merezi duela uste du EAJk.