Karlos I.aren etorbidea. (Argazkia: Nagore Koch)
Karlos I.aren etorbideko auzia ikasturte politikoaren hasierako gai nagusia izaten ari da. Larraitz Ugarte, Gipuzkoako Foru Aldundiko Azpiegitura eta Mugikortasun diputatuak adierazitakoaren arabera, proiektua ez da lehentasunezkoa, baina PSE-EE ez dago amore emateko prest. Hala adierazi du Ernesto Gasco, bozeramaile sozialistak.
Ernesto Gasco, PSE-EEko bozeramailea. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Urtarrilean sortutako Karlos I.aren etorbideko batzorde bereziaren presazko bilera eskatu dute sozialistek; “Hitz politak eta borondate ona utzi eta ekintzetara igarotzeko unea da. Alkatea da batzordearen lehendakaria, eta sortu zenetik bilera bakarra egin dugu. Beraz, auzia konpontzeko nahia badu, erakus dezala”, adierazi du Gascok.
Gainera, Foru Aldundiaren “borondate falta” argudiatuz, sozialistak prest daude alderdi politiko guztiak elkartu eta aldundira joateko; “Ea horrela ulertzen duten, Karlos I.aren etorbidea ixtea badela lehentasunezko gaia donostiarrentzat, eta bereziki amaratarrentzat”.
PPren neurriak
PPrentzat ere beharrezkoa da Karlos I.aren etorbideko batzordearen bilera bat egitea, eta sozialistek bezalaxe, “hitzetatik ekintzetara” pasatzeko eskatu diote alkateari.
Ramon Gomezen arabera, neurri zehatzak hartzea litzateke udal gobernuaren borondate ona erakusteko bide bakarra. Karlos I.aren etorbidea ixtea litzateke PPk proposatzen duen neurrietako bat. Sor daitezkeen arazoen ondorioz, hiriko sarrera ezin dela Amaran itxi onartzen dute, baina irteera bai.