Lau solairu izango ditu gehienez Altzako kiroldegi berriak
uztaileko udalbatzarrean hasierako onarpena eman zieten Oleta, Harria, Buenavista Gaina eta Auditz Akular eremuetan egin beharreko aldaketei Plan Orokorrean, etxebizitzak aurreikusita zituen espazioak kirol ekipamenduari tarte egiteko, Altzako kiroldegia eraiki ahal izateko derrigorrezko baldintza baita. Gaur, udaleko ordezkariek aldaketa horien arrazoiak esplikatu dizkiete herritarrei.
Kiroldegi berria nolakoa izango den jakiteko ikusmin handia dago Altzan. Gaurko bilera ez da zehaztasunak emateko izan, azken izapideei buruz hitz egiteko baizik. Hala ere, Burutaranek eta Cuevasek kirol ekipamenduak bete beharko dituen baldintza batzuk aurreratu dituzte, eta horrekin kiroldegi berriak zein itxura izango duen irudikatu dute bileran bildutakoek. Burutaranek aurreratu du kiroldegi berriak lau solairu izango dituela gehienez; hots, 20 metroko gehienezko altuera. Horrenbestez, ez du zerikusirik izango egungo ekipamenduarekin. “Gaur egungoak oso oinazpi luzea du. Altuera bikoitza duen kiroldegi bat eraikiz gero, espazio nahikoa sortuko dugu inguruan beste baliabide batzuk egokitzeko”, esan du Hirigintza zinegotziak.
Udaleko kideek berretsitakoaren arabera, 26 proiektu aurkeztu dituzte kiroldegi berriaren ideia lehiaketara, eta lehen aukeraketan 5 egitasmo sailkatu dira. Egileek hilabete barru azalduko dituzte euren proiektuen nondik norakoak, Altzan bertan, beste bilera batean. Orduan bai, zehaztasun guztiak izango dituzte altzatarrek, irudiz lagunduta. “Jendeak ezingo du proiektua aukeratu, ez du bozkatzeko aukerarik izango, epaimahai baten esku egongo baita erabakia. Dena den, proiektu batzuen artean zalantza izanez gero, epaimahaiak kontutan hartuko du altzatarrek zein proiektu izan duen gustukoen”, adierazi du Cuevasek.
Une honetan, irailaren 15a arte, alegazioak aurkezteko epea dago irekita, Plan Orokorrean egindako aldaketak direla eta. Gaurko bilera, epe hori irekita dagoela ikusita, herritarrei azalpenak emateko baliatu du udal gobernuak. Bildutakoen kezkak, ordea, proiektuarekin lotuta egon dira, ez Plan Orokorrean egindako aldaketekin; aparkaleku arazoa izan da gehien aipatu dutena, hain justu. EAJko zinegotzi Martin Ibabe izan da bileran, eta kezka hori nabarmendu du batez ere. Udal arkitekoak ziurtatu du aparkatzeko toki gutxiago ez dela egongo, baina proiektuaren lehentasuna oinezkoentzat egingo duten gunea eta kirol ekipamendua direla nabarmendu du, “eta hori ez dugu sakrifikatuko”.
Altzako kiroldegi berria egiteko lanak hasteko “kronometroa” abian da, udal gobernuak duela aste gutxi nabarmendu bezala. Altzatarrek gaiaren berri zuzena izateko helburuarekin, Hirigintza zinegotzi Ricardo Burutaran eta Juan Carlos Cuevas udal arkitektoa Tomasene kultur etxera hurbildu dira gaur, Plan Orokorrean egindako aldaketak bertatik bertara azaltzeko. Hain zuzen ere,