Mafalda gazte mantentzen da
Quino marrazkilariak sortutako pertsonaiak mende erdia bete du, eta berari eskainitako erakusketa jarri dute Okendo kultur etxean.
Gatazka sozialek eta indarkeria politikoak gero eta indar handiagoa hartu zuten Argentinan, 1960ko eta 1970ko hamarkadetan. Kolpe militarrek aurreko gobernu guztiak kendu zituzten, eta Iraultza argentinarra sortu zen 1966an. Azken batean, mundu osoan eraldaketa sakonak izan ziren, eta gertaera haiekin lotura zuzena du Mafaldak, Quino marrazkilariak sortutako komikietako pertsonaiak. Argentinako klase ertainaren isla zen Mafalda, eta sei urteko neskato baten begiradaren bidez, garai hartako gizartearen kezkak jasotzen zituen Quinok. Sei urte izaten jarraitzen duen arren, duela 50 urte marraztu zuen lehen aldiz Quinok. Hala, bere urtebetetzearekin bat eginez, Okendo kultur etxeak erakusketa bat eskaini nahi izan dio.
Marrazkilariarekin berarekin harremanetan jarri dira erakusketaren ardunadunak, eta berak bidali die beharrezko materiala. “Biñeta guztiak gazteleraz zeuden, eta marrazki bizidun saioak luzeak ziren, beraz, egokitu egin behar izan ditugu”, azaldu du Susana Bastero Okendo kultur etxeko zuzendariak. Marrazkilariak hamalau paneletan banatutako 60 komiki tira bidali zituen Donostiara, eta marrazki guztiak ikusgai jarri dituzten arren, lekura moldatu behar izan dituzte. Horretaz gain, Mafaldaren familia eta lagunen deskribapenak jarri dituzte, euskaraz eta gazteleraz, bakoitzaren marrazkiaren ondoan; tartean, Felipe, Susanita, Manolito, Miguelito, Libertad daudelarik; baita egilearen beraren biografia txiki bat ere.
Hamar urteko bizitza izan du
Quino, Joaquin Salvador Lavado, etorkin espainiarren semea da, Andaluziakoak zehazki. Argentinako Mendoza hirian jaio zen 1932an, eta hasieratik Quino deitu zioten ingurukoek, Joaquin Tejon osabarekin ez nahasteko. Publizitateko margolaria eta marrazkilaria zuen osaba hura, eta harekin konturatu zen bere zaletasunaz, hiru urte besterik ez zituela. Komiki eta umorezko marrazkilaria da Quino, hori zen nahi zuena, eta aurten, Asturiasko Printzea saria jasoko du gainera.
Mafaldaren jaiotzatik 50 urte bete diren arren, hamar urteko bizia eman zion pertsonaiari Quinok, 1964 eta 1973 urteen artean. Ordutik, oso kasu berezietan baino ez dio bizia eman nahi izan Quinok. Hainbat komunikabideetan argitaratu zituen Quinok bere komiki tirak: Leoplan, Primera Plana, El Mundo, Siete Dias… eta Argentinan sortua izan arren, herrialde askotara iritsi da Mafalda.
Erakusketa publiko guztientzat egokia da arduradunen hitzetan.
MAFALDA, 50 URTE
- ZER: Quinok sortutako Mafalda pertsonairen inguruko erakusketa, bere sorreraren 50. urteurrenean.
- NON: Groseko Okendo kultur etxean.
- NOIZ: Urriaren 18a arte.
- ORDUTEGIA: Astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:30era. Larunbatetan, 10:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara.
- SARRERA: Doan.