Ramon Gomez, PPko bozeramailea. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Orkestra Sinfonikoa eta Bilboko Orkestra Sinfonikoa bateratzeko amoa azaldu zuenetik sortu da leku aldaketaren kezka. 2013ko otsailean Udalbatzak erakunde adierazpen bat onartu zuen Eusko Jaurlaritzari Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren egoitza Donostian mantenduko zutela bermatzeko eskatuz.
Urte eta erdi geroago, PPk gaia udalbatzarrera eramango du berriro. Mozio bat aurkeztuko du Eusko Jaurlaritzari berme bera eskatzeko oraingoan ere. Ramon Gomez, PPko bozeramailearen esanetan, irmoki defendatuko dute orkestraren egoitza dagoen lekuan mantentzea; “Ez diegu Euskadiko Orkestraren egoitza Bilbora eramaten utziko. Eusko Jaurlaritzak beti lehenesten du hiriburu bizkaitarra, baina oraingoan ez diegu utziko”.
Udan Cristina Uriarte, Kultura sailburuak egindako adierazpen batzuen harira piztu da kezka berriro. Popularren arabera, Eusko Jaurlaritzak bi orkestrak batzeko jarrera mantentzen duela diote, baliabideak hobeto kudeatze aldera. Gomezen arabera, eurak ados daude neurri horiekin, baina ez dute egoitzaren aldaketarik onartuko. Izan ere, zinegotzi popularraren arabera, “Euskadiko Orkestra Sinfonikoak ekarpen kultural izugarria egiten dio hiriari, eta baita kultur hiriburutzari ere”.