Amarako bizilagunak haserre daude Summa Aldapetara joateko bidearen lanengatik
“Inprobisazioa, harrokeria eta erakundeen kontrol eskasa” salatu ditu Amara Bai auzo elkarteak.
Amarako bizilagunak ez daude umore onez. SUMMA Aldapetara joateko sarbide berria ari dira eraikitzen, ikasleak ikastetxera motorrez joateko aukera izan dezaten. Lanak direla eta, Amara Bai auzo elkarteko kideek “Inprobisazioa, harrokeria eta erakundeen kontrol eskasa” salatu dituzte. Izan ere, bizilagunek bidalitako oharraren arabera, “Ez dute kontuan hartu San Bartolomeko obrek ikastetxeko ohiko sarbideetan izango zuten eragina”. Gainera, ikasturtea hastear dagoenez, “lanak presaka egin nahi dituzte, promotoreek beren asmoak nola edo hala gauzatzeko duten harrokeriaz”. Horretaz gain, udalaren “kontrol eskasa” salatu du auzo elkarteak, eta lanak justifikatzeko arduradunak “gezurretan” ari direla diote: “Obrak behin- behinekoak direla edo suhiltzaile eta anbulantzientzako larrialdi-sarbidea dela…”.
Auzo elkarteak deituta, hainbat bizilagun obren inguruan bildu dira egunotan, eta lanak geratzea ere lortu dute. Gaur arratsaldean ere biltzeko asmoa dute.