Comete sareari buruzko filma eskainiko dute asteazkenean Antzoki Zaharrean
Asteazkenean, irailak 10, eskainiko dute Azken bidaia dokumentala Antzoki Zaharrean, 19:00etan. Ondoren, solasaldia egingo dute.
2011ko Zinemaldian estreinatu bazuten ere, Azken Bidaia oraindik ikusmin handia sortzen duen dokumentala dela adierazi du, Iurre Telleria zuzendariak, “batez ere, memoria historikoaren inguruko jarduerak antolatzen direnean”.
Testuinguru horretan aurkeztuko diete filma donostiarrei etzi. Izan ere, Donostiako Udaleko Giza Eskubideen bulegoak antolatu du jarduera, oroimen historikoa lantzeko agendaren baitan.
Azken bidaia Iurre Telleria eta Enara Goikoetxeak zuzenduriko filma da. Comete sarearen historia kontatzen du, testigantza zuzenekin. Bigarren Mundu Gerran sortu zen isilpeko sare bat izan zen Comete, Bruselatik Gibraltar arte lan egiten zuena, Britania Handia zutelarik helmuga. Tarteko pasabidea izan zen Donostia ere. Alemaniako nazien erasoetatik bizirik ateratzea lortzen zuten aliatuei Bidasoako muga gurutzatzen laguntzen zieten.
Juan Carlos Jimenez de Aberasturi ikerlari eta historialariaren arabera, Comete sarearen lanari esker 700 aliatu salbatu zituzten, horietatik gehienak hegazkinlariak. Baina isilpeko lanak izan zuen ordaina ere, 200 bat lagun hil baitzituzten aliatuei laguntzeagatik.
Testigantza zuzenak
Azken bidaia filma egitea “oso lan zaila” izan dela aitortu du Iurre Telleria zuzendariak. Izan ere, mugalari izan ziren herritar haien testigantza zuzenak jasotzen saiatu dira, euren senideen bidez. Horietako bat da Joxean Goikoetxea musikaria ere, dokumentaleko musika egiteaz gain, Florentino Goikoetxea mugalaria bere osaba handia izan baitzen.
Joxean Goikoetxea, filmaren bi zuzendariak, Jimenez de Aberasturi historialaria eta beste hainbat lekuko izango dira asteazkenean Antzoki Zaharrean. Izan ere, filmaren ondoren, solasaldi bat egingo dute.
Emanaldia doan izango da eta euskaraz, gaztelanizako azpidatziekin.