Kultura Ministerioa Musika Hamabostaldiko kide izatea onartzeko eskatu dute sozialistek
PSE-EEren arabera, Kultura Ministerioak Musika Hamabostaldiko administrazio kontseiluko kide izateko proposamena egin gu, jaialdiari oreka eta babes ekonomiko handiagoa emateko; aurten 90.000 euroko diru ekarpena egin du.
Marisol Garmendia, PSE-EEko zinegotziak adierazi duenez, eskaintza horrek ez du oraindik erantzunik jaso, “baina ulertezina litzateke ezezkoa izatea”. Hortaz,
Ministerioaren eskaintza onartzeko eskatu diete sozialistek administrazio kontseiluko kideei: Donostiako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza.
Juan Karlos Izagirre da kontseiluko lehendakaria, eta gaia landu ez izana leporatu diote sozialistek; “Uztailean jaso zuten eskaintza, gure ustez eskaintza oso garrantzitsua da, eta arduradunek ez dute eztabaidatu ere egin”, salatu du Ernesto Gascok.
PSE-EEren arabera, krisi garaian ezinbestekoa da elkarlana. Gainera, Marisol Garmendia zinegotziaren arabera, azken urteotan Musika Hamabostaldiaren kalitatea jaisten ari da diru laguntzak murriztu dituztelako. Egoera horretan,
sozialisten arabera, Zinemaldiko formula egokia litzateke Musika Hamabostaldirako ere. Hau da, erakunde eta eragile ezberdinen arteko elkarlana sustatzea. Horrek bultzada ekonomikoa emateaz gain, Espainiako beste musika jaialdiekin proiektuak partekatzeko aukera emango lukeela uste du Garmendiak.
Hori dela eta, PSE-EEk mozio bat aurkeztuko du iraileko udalbatzarrean eztabaidatzeko. Bertan, Kultur Ministerioaren eskaintza onartzeko eskatuko dute, eta bide batez, jaialdiaren aurrekontua gehiago ez murrizteko eskatuko diete administrazio kontseiluko hiru erakundeei.