Altza Barrutiaren Batzordean lan egiten jarraitzeko asmoa berretsi du Bilduk
Lau barrutien proposamenak herritarren eta udalaren harremana zaildu egiten duela adierazi du.
PP eta PSE-EEk hiria lau barrutitan banatzearen alde egiten duten bitartean, Bilduk azpimarratu du Donostian martxan dagoen ereduak ez duela lau barrutien proposamenarekin bat egiten.
“Gure posizioa garbia eta ezaguna da: administrazioa herritarren beharretara egokitu behar da, eta ez alderantziz. Zentzu horretan, administrazioaren egokitzapen prozesu batean murgilduta gaude, herritarrengana gerturatzea helburu duena”, adierazi du Partaidetza zinegotzi Axier Jakak. “Lau barrutien proposamenak, erraztu beharrean, zaildu egiten du herritarren eta udalaren arteko harremana, eskaloi bat gehiago jarriz, antolamendu administratibo bat gehiago jarriz”, erantsi du, eta barrutiak dauzkaten herriek eredu horrek ez duela administrazioa herritarrengana gerturatzeko balio esan du.
Bilduren udal taldeak Altza Barrutiaren Batzordean EAJrekin batera lan egiten jarraitzeko asmoa berretsi du, “udal honek baduelako Altzarekin zor historiko bat kitatzeko, eta espero dugu batzorde horretatik behar horiek asetzeko proposamen duin bat ateratzea. Batzorde hori da Altzako Barrutia sortzearen inguruko proposamenak eztabaidatzeko markoa”, azaldu du Jakak.