San Juango emakumeek arrosa kolorez tindatu dute Kontxa
San Juanek irabazi du Kontxako Bandera, emakumezkoen mailan. Bigarren jardunaldian azkarrena Zumaia izan da (10:38:64), baina segundo bakar batera iritsi dira sanjuandarrak (10:39:60), nahikoa trapu preziatua etxeratzeko. Hain zuzen ere, San Juanek 4 segundoko aldea atera zion Zumaiari lehen jardunaldian.
Zumaiaren estropada bikainak, dena den, saria jaso du. Bigarren postua lortu dute gaurko lanari esker, Hibaikaren aurretik (10:41:82). Errenteriako traineruak segundo bakar batera zuen San Juan lehen jardunaldia eta gero, baina gaur Zumaiarekiko 3 segundora sailkatu da, eta bi ehunenekoengatik bigarren postua galdu du. Gaurkoan laugarren, lehen jardunaldian gertatu bezala, eta sailkapen nagusian bezala, Orio izan da (10:47:86). Ez dira urruti izan. 9 segundo besterik ez dituzte galdu txandako irabazlearekiko, joan den astean 17 segundora bukatu zutenean.
Kontxako Banderarekin, San Juanek denboraldi bikaina biribildu du. Eusko Tren Liga eta Gipuzkoako Txapelketa ere eskuratu ditu aurten.
Bigarren jardunaldiko sailkapena:
1-Zumaia, 10:38:64
2-San Juan, 10:39:60
3-Hibaika, 10:41:82
4-Orio, 10:47:86
Sailkapen orokorra:
1-San Juan, 21:16:40
2-Zumaia, 21:19:92
3-Hibaika, 21:19:94
4-Orio, 21:41:38