Kontxako Bandera Bermeora joan da, Urdaibaik beste erakustaldi bat egin eta gero
Izugarrizko maila erakutsi du Urdaibaik berriro. Lehen jardunaldian egindako marka bikaina izan bazen, bigarren igandekoa hobea izan da. Honela gauzak, Kontxako Bandera irabazteaz gain, bi jardunaldien denborak batuta, historiako markarik onena egin dute bizkaitarrek: 38:04:76.
Gaur ere, Urdaibai Castroren jardunaldi bakarreko markatik oso gertu izan da (19:01:78), bigarren luzean aurkariak atzean utzi eta gero, nabarmen gainera. Hondarribiak egindako lana ere nabarmentzekoa da, bigarren postua lortu baitu traineru berdeak (19:06:82), Kaiku gaindituta (19:11:80). Hondarribiarrak buruan izan dira lehen luzearen zati handi batean, eta gero bizkaitarren atzean geratu arren, lehen jardunaldiko denbora ere hobetu dute. Kaiku hirugarren geratu da txandan eta sailkapen orokorrean, eta Orio laugarren (19:20:00).
Ohorezko txandan gertatu da hori guztia, baina lehen txandan ere izan da zer kontatu. San Juanek (19:30:64) Portugaleteri (19:40:36) bosgarren postua kendu dio, txanda irabazita. Cabo da Cruz bigarren izan da txandan (19:37:14), baina zazpigarren postuarekin konformatu behar izan dute sailkapen orokorrari dagokionez. Donostiarra, bere aldetik, joan den igandean baino askoz hobe aritu da. 20 minutuko mugatik ez dira horren urruti ibili (20:12:44), Xabier Zabala donostiarren entrenatzaileak nahi bezala.
Ohorezko txandako sailkapena:
1-Urdaibai, 19:01:78
2-Hondarribia, 19:06:82
3-Kaiku, 19:11:80
4-Orio, 19:20:00
Lehen txandako sailkapena:
1-San Juan, 19:30:64
2-Cabo da Cruz, 19:37:14
3-Portugalete, 19:40:36
4-Donostiarra, 20:12:44
Sailkapen orokorra:
1-Urdaibai, 38:04:76
2-Hondarribia, 38:21:30
3-Kaiku, 38:25:32
4-Orio, 38:43:72
5-San Juan, 39:08:38
6-Portugalete, 39:11:60
7-Cabo da Cruz, 39:16:56
8-Donostiarra, 40:42:46