Asfaltatze lanetarako aurrekontu osoa gastatzeko eskatu dute EAJk eta PSE-EEk
Jeltzaleek eta sozialistek jakinarazi dutenez aurten 1.775.000 euro daude kaleen asfaltatze lanak egiteko; 750.000 euro 2014ko aurrekontuari dagozkionak, eta gainerako, 2013an gastatu gabe geratu zena.
Udal gobernuak hiriko 11 kale asfaltatzeko lanak irailaren bukaeran hasiko zituela iragarri bazuen ere, EAJ eta PSE-EEren arabera, lan hauek ez dira nahikoak eta “presaka” egindakoak gainera.
Denis Itxaso, zinegotzi sozialistaren arabera, “autoa hartu eta Donostiako kaleetan ibiltzea nahikoa da, zein neurritako beharrak dauden konturatzeko, eta hori, Bilduren kudeaketa txarraren ondorioa da”.
Jeltzaleek ere mozio bat aurkeztuko dute datorren asteko udalbatzarrean, aurrekontuetan aurreikusita dagoen diru kopuru osoa gastatzeko eskatuz kaleak asfaltatzeko eta kaleetan dauden hutsuneak konpontzeko. Aitziber San Roman zinegotziak aurkeztuko du mozioa, bere esanetan, asko izan baitira herritarren kexak, eta gainera, “errepideak egoki mantentzea herritarren segurtasuna bermatzeko baldintza bat da”.



