'Metropolis' filmaren inguruko erakusketa ireki dute San Telmo Museoan
Adituen arabera, zinemaren historian bisualki eragin handienetakoa izan duenetakoa da Fritz Langek 1927an zuzendutako pelikula. Berlin eta Parisetik igaro ostean iritsi da Donostiara.
Fritz Lang alemaniarrak 1927an zuzendutako Metropolis filmaren tripak erakusten ditu Metropolis: berreskuratutako maisulana erakusketak. Filmaketako jatorrizko dokumentuen erreprodukzioak, argazkiak eta ikus-entzunezkoak bildu dituzte, 115 guztira, baita filmaren eszena batzuk ere, San Telmo Museoko Laborategia Gunean. Adituen arabera, lan prozesu hartan erabilitako materialak argi uzten du sekulako ahalegina egin zutela sortzaileek, eta sormen izugarria zutela. Izan ere, Gizateriaren Ondare gisa aitortutako filma da Metropolis, eta zinemaren historian bisualki eragin handien izan duenenetako bat dela diote. Erakusketaren aurkezpena egin dute gaur goizean, eta azaroaren 2a arte egongo da ikusgai. Hala, Donostiako 62. Zinemaldiarekin hasi eta aurten 25 urte beteko dituen Beldurrezko eta Fantasiazko Zinemaren Astearekin bat egingo du erakusketak.
Berlinetik eta Parisetik igaro ondoren iritsi da erakusketa Donostiara. Berlingo Deutsche Kinemathek filmategiak sortu zuen erakusketa, eta 2010ean inauguratu zuen, filmaren bertsio zaharberritua estreinatu zutenean. Izan ere, Ameriketako Estatu Batuetako zentsuraren ondorioz, zientzia fikziozko filma lehen aldiz erakutsi eta gutxira, laburtu egin zuten, eszena batzuk kenduz. 2008an, ordea, Buenos Airesen jatorrizko filmaren ia kopia osoa aurkitu zuten, eta filma hobeto ulertzen lagundu zuen. Hala, topatutako materialarekin, filma osatu zuten.
Etxe orratz izugarriak, hegazkinak eta trenak abiadura bizian, gizakiak jantzi ilunekin, robotak… hala irudikatu zuen Frintz Langek 2.000. urteko mundua. New Yorken inspiratu zen zuzendaria hori guztia irudikatzeko, bertara bidaiatu baitzuen 1924an. Joh Fredersen enpresari boteretsua da filmeko protagonista, Metropolis hiriko agintari nagusia. Babelgo Dorrean du bulegoa, eta bertatik mundu moderno eta teknifikatua ikusten du. Goi mailako gizartearen bizitokiaren azpian, ordea, katakonbatan, langileria dago, esplotazioaren menpe. “Sortu nahi dugun munduaren inguruan pentsatzera eramaten gaitu filmak”, aipatu du Nerea Txapartegi udaleko Kultura ordezkariak aurkezpenean.
Hainbat ataletan banatua
San Telmo Museoko erakusketa hainbat ataletan banatu dute. Hain zuzen ere, filmean bertan banatutako espazioen arabera: Semeen hiria (aberatsen eta boteretsuen semeak dibertitzeko lekua); Makinen gela eta lagileen hiria (lurpean dago eta argi artifiziala bakarrik dauka) ; Goiko hiria (hiri futurista; trenek eta gaineko pasabideek zeharkatzen dute), Katakonbak (langileen hiriaren azpian dauden Metropolisen benetako zimenduak dira); Rotwangen etxea (etxe txiki fantasmagorikoa, laborategia duena); Katedrala (balore tradizionalak eta dotorezia zerutiarra irudikatzen ditu). Azken atala, berriz, Aurkikuntza ikaragarria Buenos Airesen izenekoa, filmaren jatorrizko ia bertsio osoaren aurkikuntzari eskaini diote.
Garai haietan, gainera, zaila zen metropoli bat buruan izan arren, zinemarako irudikatzea. Erakusketari esker, efektu batzuk nola sortu zituzten ikusteko aukera egongo da. Izan ere, pantaila ukigarri batean, eszena zehatz batzuk eta horiek egiteko erabili zituzten baliabideen berri jarri dute.
Zentsurarik gabeko bertsioa, Trueban
Metropolis film osoa, zentsuratutako 30 minutuak barne, ikusteko aukera egongo da, Groseko Trueba zineman. Kresala zinekluba, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea eta San Telmo Museoaren eskutik. Urriaren 20an izango da emanaldia, 19:30ean, doako sarrerarekin.
Horretaz gain, haurrentzako doako tailer bat ere antolatu dute erakusketaren harira. Sorkuntza dijitalaren inguruko tailerra izango da zehazki, 7 eta 12 urte arteko haurrei zuzendua, urriaren 26an, 16:00etan. Hip Hip Urri jardueraren bidez egingo dute, eta izen ematea nekrogune2014@gmail.com posta elektronikoan egin behar da.
ERAKUSKETA
- ZER. Metropolis: Berreskuratutako maisulana erakusketa.
- NON. San Telmo Museoko Laborategia Gunean.
- NOIZ. Azaroaren 2a arte.
- ORDUTEGIA. Asteartetik igandera, 10:00etatik 20:00etara.
- NORK. Deutsche Kinemathek-Museum fur Film und Fernsehen-ek sortutako eta antolatutako erakusketa F.W. Murnau Stiftung-ren eta San Telmo Museoaren laguntzarekin.
- SARRERA. Doakoa.



