Tabakalerako plaza berria eta ingurua prest egongo dira 2015eko uztailerako
Egiako pasabidea guztiz eraldatuko dute, eta zazpi metro izatetik 21,80 metroko espazio ireki bat izatera pasako da.
Iraileko udalbatzarrean onartuko dute Tabakalerako Plan Orokorraren behin-betiko onarpena. Horrek, mahai gainean dauden proiektu guztiak egitea ahalbidetuko du. Izan ere hirigintza planaren aldaketaren bidez, erabilera komunitariorako eremua 1.613 metrotan handituko dute, oinezkoentzako gune irekiak sortuz.
Hala, Tabakalera inguruak osotara 15.814 metro koadro izango ditu. Aldaketa nagusietako bat eraikinera egingo den sarrera berria da. Egiako pasabideko horma bota eta plaza zabal bat sortuko dute. Plaza horrek, TBKafe izango du alde batean, hau da, kafetegi zerbitzua eta kultur programazioa uztartuko dituen ostalaritza espazio bat. Beste aldean, berriz, dantza eskola berriaren eraikina izango du.
Eraldaketa honekin, 7 metroko zabalera zuen pasabidea, 21,80 metro izango dituen plaza ireki bat bilakatuko da. Eremu berri honi Nestor Basterretxea izena jartzea proposatu du udal gobernuak.
Plaza berria ez da hirigintza eraldaketa bakarra izango, zaharren egoitzaren gainean begiratoki bat egingo baitute. Plaza tren geltokiaren goiko pasabidearekin lotzeko, berriz, igogailu bat jarriko dute.
Egia eta Erdialdea “modu naturalagoan” batzeaz gain, Tabakalera ingurua “aisialdirako erreferentziazko gune berri bat” bihurtuko dela adierazi du Ricardo Burutaran, Hirigintza zinegotziak. Urbanizazio lanek 1,9 milioi euroko aurrekontua izango dute. Urtarrila bukaeran hasiko dira, eta aurreikuspenen arabera, 2015eko uztailerako amaituko dituzte.




