Zinemaldiak irauten duen bitartean, behin-behineko bidegorri bat egokituko dute Zurriola hiribidean
Ostiralean, irailak 19, irekiko dute behin behineko bidegorria, eta irailaren 28a arte mantenduko dute.
Donostiako Udalak behin-behineko bidegorri bat egingo du Zurriola hiribidean Zinemaldian zehar. Bizikletentzako desbideratze honek Kursaalaren eraikin osoaren aurrealdea hartuko du, Ramon Maria Lili kaletik Ramon y Cajal kaleraino; 300 bat metro guztira. Horretarako, Saguesko noranzkoan autoentzako errail bat bizikletentzako hartuko dute.
Jon Albizu, Mugikortasun zinegotziaren arabera, “bidegorririk erabilienetarikoa da Zurriolakoa, egunero 4.000 pertsona pasatzen dira bertatik, beraz, errepideetan egiten den moduan, merezi du erabiltzaileei beste aukera bat eskaintzea”.
Aurreko urteetan Zurriolako bidegorria moztu egiten zen Zinemaldiak irauten zuen bitartean. Aurten, berriz, desbideratu edo egokitu egingo dute. Gainera, neurri hauek emaitza onak ematen badituzte, etorkizunean ere errepikatuko dituztela aurreratu du Albizuk; 2016aren arira antolatuko diren jarduerei begira, esaterako.



