Zinemaldiko lau filmetan izango da Josean Bengoetxea aktorea
http://youtu.be/JCczYNsFn9o
Jose Mari Goenaga eta Jon Garañoren ‘Loreak’, Roberto Castonen ‘Los tontos y los estupidos’, Pablo Maloren ‘Lasa eta Zabala’ eta Borja Cobeagaren ‘El Negociador’ lanetan parte hartu du egiatarrak.
Ostiralean hasiko da Donostiako Zinemaldia, eta milaka zinema zale gogotsu daude aurtengo programazioa irensteko. Pantaila handian lau filmetan ikusiko duten aktore donostiar bat badago. Josean Bengoetxea (Egia, 1964) alfonbra gorria zapaltzeko prest dago. Kamera eta flash arteko egunak biziko ditu. Loreak (Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga), Lasa eta Zabala (Pablo Malo), Los tontos y los estupidos (Roberto Caston) eta El Negociador (Borja Cobeaga) filmeetan izango da, pertsonaia desberdinen larruan.
IRUTXULOKO HITZA Bengoetxearekin izan da Zinemaldiaren zurrunbiloa hasi baino egun batzuk lehenago, eta film bakoitzean izango duen rolari buruz galdetu dio. Bideoan ikus dezakezue elkarrizketaren laburpen bat. Ostiralean, papereko edizioan, elkarrizketa osorik irakurtzeko aukera izango duzue.
Zinemalditik zuzenean arituko dira egunero Hamaika, BERRIA eta ‘Irutxuloko Hitza’, elkarlanean
Donostiako Zinemaldiaren inguruko saio berezia egingo dute Hamaika telebistak, Berriak eta IRUTXULOKO HITZA–k datorren ostiraletik irailaren 28ra arte. Zurriolako Butaka saioa zuzenean emango dute, egunero, 11:00etatik aurrera, telebistan zein hamaika.eus, berria.eus eta irutxulo.hitza.info guneetan. Aurten, arreta berezia jarriko dute Euskal Herriko zineman, eta gertutik erreparatuko diete euskal filmen estreinaldiei. Aktore, zuzendari eta gidoilariak elkarrizketatuko dituzte, hedabideetako hainbat adituren kritikak zabalduko dituzte, eta erreportaje zein analisien berri emango dute.
Esaterako, lehen saioan, Josean Bengoetxea aktorea izango dute gonbidatu. Zinemaldiko lau filmetan egin du lan aktore donostiarrak: Loreak; Lasa eta Zabala; Los tontos y los estúpidos; eta Negociador. Horrez gain, Beñat Beitia zuzendaria hartuko dute. Dixie eta matxinada zonbia animazio filma zuzendu du. Igandean estreinatuko dute Donostiako Belodromoan.


