Zirkulazio ordenantza eguneratzeko eskatu du PPk
Zirkulazio ordenantza berritzeko eskaera eta motorren erabilera erregulatzeko plana mozio berean aurkeztuko ditu PPk datorren udalbatzarrean.
Egungo zirkulazio ordenantza 2006. urtekoa da, eta “zaharkitua” geratu dela salatu du Iñigo Arcauz, PPko zinegotziak. Legealdi honen hasieran udal arautegia berritu beharra zegoela onartu zuten, eta Jon Albizu, Mugikortasun zinegotziak TAOaren ordenantza eta Zirkulazioaren ordenantza eguneratuko zituztela hitz eman zuela jakinarazi du Arcauzek: “Konpromiso bat bete du, baina bestea ez. Gainera, gaur egungo zirkulazio ohiturak, neurriak eta ibilgailuak ere aldatu dira, eta ordenantza zaharkiturik dagoenez, askotan kontraesanak eta hutsuneak sortzen dira”.
Berez, bada zirkulazioa ordenantza lantzeko batzorde bat, Udalbatzaren eskariz sortua. Baina taldea behin bakarrik bildu dela salatu du Arcauzek, eta batzordea berriro abian jarri eta ordenantza berrikusteko eskatu dio Albizuri. Dena dela, zinegotzi popularra kezkatuta agertu da, udal gobernuak ez duelako Zirkulazio ordenantza legealdi honetan berritzeko asmorik. “Albizuk jakinarazi digu, Mugikortasun sailean ez dagoela nahikoa teknikaririk Zirkulazio ordenantza berrikusteko, eta gainera, ez dela lehentasunen artean sartzen”.
Bidegorrien erabilera, arautu gabe
Iñigo Arcauzek adierazi duenez, asko dira egungo Zirkulazio ordenantzak biltzen ez dituen egoera edo erabilera berriak. Bidegorrien kasua nabarmendu du. Arcauzen arabera, “egungo ordenantzak ez du aurreikusten bizikleta elektrikoen erabilera, ez ditu bizikletei loturik eramaten dituzten txakurrak aipatzen, zehaztu gabe dago gurpildun aulkiak bidegorrietan ibil daitezkeen edo ez; txitak, segwayak edo rollerrak ez ziren 2006an erabiltzen…”.
Motorren aparkalekuak, 30 kilometro orduko eremuak, taxiek geltokitik kanpo bezeroak hartzeko debekua…”eguneroko bizitzan ordenantzak jasotzen ez dituen hainbat egoera sortzen dira, eta arautegia eguneratu beharra dago”, adierazi du Arcauzek.



