Hasi dira Porrontxoak!
Egiako txikiak izan dira auzoko jaietan murgiltzen lehenak, haurren jaitsierarekin.
Hasi dira Egiako Porrontxo jaiak. Auzoko txikiak izan dira festak ospatzen lehenak, eta Porrontxo eta Porrontxinaren laguntzarekin haurren jaitsiera egin dute, gaur arratsaldean. Berez, joan den asteaz geroztik jaiak hasi zituzten Egian, baina gaur eman diete hasiera ofiziala. Blai eginda iritsi dira haurrak Plaza Haundira, izan ere, aldapa jaisten zuten bitartean, auzotarrei balkoietatik ura botatzeko eskatu diete, eta goitik behera busti dira gehienak. Ondoren, kuadrillen igoera egitekoak ziren, baita urteroko pregoia eta txupinazoa. Aurten, jai batzordeak erabakita, Egia Bizirik elkarteak zuen jaiei hasiera ematearen ardura.



