Sorospen etxearen kudeaketa lehiaketara aterako dute, 131.000 euroren truke
Tokiko Gobernu Batzordeak bihar onartuko ditu lehiaketako oinarriak. Bederatzi hilabeterako kudeaketa izango da, epe horretan amaitzen baita Osakidetzarekin sinatuta dagoen hitzarmena. Axier Jaka Ingurumen zinegotziak adierazi duenez, “eskaintza erakargarri honen bidez hiriaren erdian bertan eskaintzen den osasun zerbitzua bermatuko da. Udalak larrialdietarako zerbitzu hau eskaintzen jarraituko du, Osakidetzak Parte Zaharreko osasun etxean txertatu arte”.
Interesa duten enpresek Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean iragarkia argitaratzen denetik 15 eguneko epea izango dute eskaria aurkezteko.
Sorospen etxeak 8:00etatik 17:00ak arte ematen du zerbitzua, Poliklinikak egiten duen kudeaketari esker. Gainerako ordutegian Osakidetzak eskaintzen du arreta.
Kontzesioa urtez urte hazi egin da; 2007an 126.820 eurokoa izan zen, 2012an 137.000 eurokoa eta orain, 175.000 eurokoa da. Udal programaren aurrekontu osoa, berriz, 210.000 eurokoa da kontzesioaz gain, garbiketa, argindarra, konponketak eta mantenuaz ere arduratzen delako. Osakidetzak proportzionalki laguntzen du gastu hauetan.



