Donostiako 20 enpresa Kolonbian izan dira
Juan Karlos Izagirre alkatea, Josu Ruiz, Ekonomia Garapeneko zinegotzia, Donostiako Sustapeneko ordezkariak eta Smart Energy eta industria sortzaileen sektoreko Donostiako 20 enpresa Kolonbian izan dira irailaren 15etik 18ra bitartean. Udalaren arabera, hara joandakoentzat “oso positiboa” izan da Donostiako Sustapenaren eta Bogotako Merkataritza Ganberaren artean prestatutako agenda estua; Donostiako enpresen eta Kolonbiako enpresa, inbertsiogile eta instituzio publiko-pribatuen arteko one-to-one topaketak nabarmendu dituzte batez ere, etorkizuneko lankidetzak sortu baitituzte.
Agendari hasiera emateko, Bogotako Merkataritza Ganberara bisita instituzionala egin dute (135 urtetik gorako esperientzia duen erakundea, babes handia ematen diona enpresa-garapenari, eta Latinoamerika osoko erakunde garrantzitsuentzat hartzen dena); halaber, Invest in Bogotara joan dira (Bogotan inbertitzea sustatzen duen agentzia, Bogotako Merkataritza Ganberaren eta Distrituaren arteko ekimen publiko-pribatua). Hiri bakoitzak bere estrategia, eredu ekonomikoa eta negozio-aukerak aurkeztu dituzte.
Era berean, Donostiako ordezkaritzak hiriak kanpoan proiektatzeko dituen aukera itzelak aurkeztu ditu, eta interes handia izan dute horretan Bogotako enpresek eta
Merkataritza Ganberak. Besteak beste, honako hauek azaldu dituzte: Donostiako garapen ekonomikoarentzat estrategiko moduan identifikaturiko sektoreetako klusterren bidez Donostiako Sustapenak egiten duen lana, zentro teknologikoak eta ikerketa-zentroak izatea, enpresak smart cities estrategien esparruan sartzeko proiektuak edo Donostia Europako 2016ko Kultur Hiriburua izatea. Poztasun handiena networking saioetan eta enpresen arteko banan-banako topaketetan lortu da; alde batetik, Donostiako eta Kolonbiako energia berriztagarrien eta energia-eraginkortasunaren sektoreko enpresekin bildu dira, eta, bestetik, industria sortzaileen sektoreko enpresekin. Donostiako enpresek eta zentro teknologikoek harreman garrantzitsuak egin dituzte etorkizunean lankidetzak egin eta merkatuak zabaltze aldera.
Donostiatik Kolonbiara honako enpresa eta zentro teknologiko hauek joan dira:Ikusi, Euskabea, Tecnalia- ICT, IK4 Ikerlan, EHU- ENEDI Eraikuntzako Energetika Taldea, Ezketa arkitektura/urbanismo, Ekain Taldea, Goiener, Uhin Energia eta Ingurumena, Enerdom, Gestican, Ikertalde, CIDEC, Ikasplay, Irisbond, Tilin Talan, Ubiqa, Tecnologiak, Ideiak eta Komunikazioa, Dinycon Sistemas, Hispavista eta TAK Learning.
Bogotako eskualdea hazkunde iraunkorra izaten ari da bereziki energia, azpiegiturak,IKTeak eta softwarea eta industria sortzaileen sektoreetan. Enpresa eginkizunaren helburua izan da tokiko enpresak Latinoamerikan bi sektore estrategiko horietan (Smart Energy eta Industria Sortzaileak) garrantzia hartzen ari den merkatuetariko batera hurbiltzea, aukera komertzialak bilatzea, eta sinergiak identifikatzea. Hara joandako enpresen arabera, helburua betetzea lortu da.
