
Denzel Washington aktorea, Maria Cristina hotelean. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Denzel Washingtonek Donostia Saria jaso du Zinemaldiaren inaugurazio galan, Antoine Fuquaren eskutik.
Lehen Donostia Sariaren eguna izan da gaurkoa, New Yorkeko Denzel Washington aktorearena. Maria Cristina hotelera iritsi zen eguerdian, eta zaleen berotasuna jaso du. Arratsaldean gehiago. Kursaaleko prentsa aretoan ‘The Equalizer’ filma aurkeztu du Antoine Fuqua zuzendariarekin batera, eta Kursaal inguruan ehunka zale bildu dira.
Lehenago ere elkarrekin lan egindakoak dira Fuqua eta Washington:
Training Day filmean, esaterako. Film harekin 2001ean gizonezko aktore onenaren Oscar saria irabazi zuen Washingtonek. Prentsaren aurrean aitortu du paper hura egin zuenetik gaiztoarena egiteko pertsonaiak eskaintzen hasi zitzaizkiola zinemagile asko. Berriro elkarrekin lan egiteko gogoz agertu dira biak, eta
The Magnificent Seven filmaren remake bat egiteko asmoa iragarri dute.
Spike Lee, Kenneth Branagh, Ridley Scott, Richard Attenboroug… Ospe handiko zuzendarien esanetara lan egin du Washingtonek. Aurten hil da Attenborough, eta hura gogora ekarri du prentsaren aurrean. Berarekin lan egin zuen
Cry Freedom (1987) filmean, eta esperientzia zoragarria izan zela azaldu du: “Europara bidaiatu nuen lehen aldiz, baita Afrikara ere”. Hainbat pertsonaien papera jokatzeko aukera izan duela adierazi du, eta zorte handia izan duela aitortu du.
Gauean, alfonbra gorritik igaro ondoren, inaugurazio galara iritsi da Washington. Maria Cristina hotelera txandala jantzita iritsi bada ere, Kursaaleko galan trajea jantzi du.
The Equalizer filma eman aurretik eta Antoine Fuqua pelikularen zuzendariaren eskutik jaso zuen saria Washingtonek, Kursaaleko auditoriumean Donostiako Zinemaldiari hasiera emateko galan. Bihotz bihotzez eskerrak eman ditu eta saria jasotzea ohorea dela esan du: “Nire lanekin gozatu duten pertsona guztiei eskerrak eman nahi dizkiet”.
Sail Ofizialeko hamazazpi filmak Urrezko Maskorra lortzeko lehian hasiko dira larunbatean (irailak 20). Lehenengo hirurak:
La isla minima (Alberto Rodriguez),
Une nouvelle amie (François Ozon) eta
Stille hjerte (Bille August).