Erretinosi pigmentarioaren inguruko jarduerak antolatu ditu Begisarek iganderako
Biztanleria sentsibilizatzeko asmoz, Iluntasunaren aurkako borroka lelopean, Bulebarreko kioskoaren inguruan bilduko dira.
Erretinosi pigmentarioaren Nazioarteko Eguna izango da datorren igandean, irailaren 28an. Ikusmenari eragiten dion eta gaixoa progresiboki itsutasunera eramaten duen gaixotasuna da erretinosia. Hala, Begisarek, Gipuzkoan Erretinosi Pigmentarioak Eragindakoen Elkarteak, hainbat jarduera antolatu ditu iganderako, 10:00etatik, 14:00etara, biztanleria sentsibilizatzeko asmoz. Iluntasunaren aurkako borroka lelopean, Bulebarreko kioskoaren inguruan bilduko dira.
Batetik, Erretinosi pigmentarioarekin ibilaldia egingo dute. Bertan parte hartzen dutenek, gaixotasuna simulatzen duten maskara edo konoa jarriko dute aurpegian, jende artean ibili beharko dira. Hala, minutu bakar batez bada ere, etengabe mugitzen diren oztopoen artean aritzea zer den bizituko dute partaideek. Gainera, 12:00etan, konoak jantzita, elkartasun argazkia aterako dute. Oinezkoak jardueretara erakartzeko, Star Warseko pertsonaiak Bulebarrean barrena ibiliko dira, eta A Gritos Band txaraga giroa alaitzeaz arduratuko da.
Erretinosi pigmentarioaren inguruko ikerketa-proiektu bat burutzen ari da Biodonostia Institutua, eta 16 gaixo genetikoki diagnostikatuko ditu.