Gardentasun falta leporatu dio oposizioak udal gobernuari
EAJ
Jeltzaleen ustez Arraindegi eraikina “leku egokia” da Parte Zaharreko eta Erdialdeko osasun etxe berria egiteko. Eneko Goia, bozeramailearen arabera, “Esterlines kaleko zentroak ez ditu baldintza egokiak betetzen; Parte Zaharreko bizilagunek leku irisgarriago bat behar zuten”.
Dena dela, udal gobernuak aurkeztutako hirigintza egitasmoak “zalantza asko” sortzen dizkiela aitortu du Goiak, eta gardentasun falta leporatu dio Bilduri; “Zalantza asko ditugu, ez dakigulako zehazki eraikina zertarako erabiliko duten”.
Bestalde Bretxako kudeaketa eredua zalantzan jartzea ez dela bidezkoa uste dute jeltzaleek; “Bistan da ez dela eredu egokiena izan, baina zein da udal gobernuaren proposamena?”, esan du Goiak. Jeltzaleen arabera, askotan eskatu dute merkataritza guneari bultzada bat emateko, baina ez da neurririk hartu. Goiaren esanetan, “oraindik geratzen da jarduera ekonomikoa Bretxan, beraz, jarduera hori sustatzea izan beharko luke orain erronka”.
Lasala plazako eraikinari dagokionez, jeltzaleen ustez saltzea baino egokiagoa litzateke kontzesio bat egitea; “Hala diru sarrera egonkor bat lortuko litzateke hiriarentzat”, esan du Goiak. Biharko udalbatzarrera eramango dute gaia jeltzaleek.
PSE-EE
Sozialistei ere ez zaie bidezkoa iruditzen halako hirigintza proiektu baten berri lehenago ez jakitea. Gainera zalantzak dituzte Osakidetzarekin sinatutako hitzarmenak izango dituen ondorioen inguruan, eta udal gobernuaren kudeaketa txarra kritikatu dute. “Halako proiektu batek azterketa juridiko eta ekonomiko sakonak behar ditu. Gure ustez bi aukera daude: edo oso ondo azterturiko gaia da, eta kasu horretan Bilduren gardentasun falta salatzen dugu. Edo inprobisazio hutsa da”, esan du Ernesto Gascok.
Edonola ere, udal gobernuaren erabaki baten ondorioz, hainbat herritar langabe geratuko direla salatu dute sozialistek.
PP
PPren arabera, Parte Zaharreko eta Erdialdeko bizilagunek osasun etxe berri bat behar dutela bistakoa da. Baina, Ramon Gomez bozeramailearen ustez, “merkataritza gune batean osasun etxe bat egiteak ez du zentzurik. Gainera ez dugu uste eraikin horrek baldintza egokiak dituenik”.
Idiakez kaleko erretiratuen etxea dagoen eraikina da PPk proposatu zuen aukera. Zazpi solairuko eraikina da, eta zati bat Madrilgo Gobernuarena da eta gainerako Eusko Jaurlaritzarena.
Gomezen esanetan, “Bilduk nahita utzi dio hiltzen Bretxari, gero bere proiektuak aurrera ateratzek”.