Osasun etxe berriaz gain, sorospen etxea, turismo bulegoa eta kirolgune bat egingo dituzte Bretxan
Udal gobernuak Lasala plazako eraikinaren salmentarekin egin nahi dio aurre Parte Zaharreko hirigintza egitasmo berriari.
Donostiako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak Parte Zaharreko eta Erdialdeko osasun etxe berria Bretxan egitea adostu zuten atzo. Hitzarmen horrekin lotuta, hirigintza egitasmo berri bat aurkeztu du udal gobernuak.
Proiektu horren arabera, Bretxako Arraindegi eraikinean osasun etxeaz gain, sorospen etxea, turismo bulegoa eta kirolgune bat egingo dituzte. Eta lekua dagoenez, osasun zerbitzuekin bat egin dezakeen bestelako jarduerak ere egiteko aukera legoke; +55 taldearentzako leku bat egokitzea, esaterako.
Erabilera osoa guztiz zehaztu gabe badago ere, Juan Karlos Izagirre alkatearen arabera, “udalaren eraikin bat berreskuratuko da erabilera publikoa emateko. Horrela auzoko beharrei erantzun bat emango zaie, eta zerbitzu publikoen kudeaketa ere hobetuko da”.
Izan ere, hainbat zerbitzu Bretxan bilduta, beste eraikin batzuk hutsik geratuko dira. Bulebarreko turismo bulegoa tokiz aldatuta, urtean 140.000 euro aurreztuko dituztela adierazi du udal gobernuak; alokairuarengatik ordaintzen dutena hain zuzen ere. Dena den, erabaki hau Donostia Turismoko administrazio kontseiluak berretsi beharko du.
Bengoetxea kaleko eraikina, egun sorospen etxea dagoena, Etxegintzarena da, eta administrazio kontseiluak onartzen badu, bertan eguneko zentro berri bat egitea litzateke udal gobernuaren asmoa.
Gaur egun Parte Zaharreko osasun etxea dagoen eraikinen, berriz, Esterlines kalean, haur txoko bat egitea proposatu du udal gobernuak.
Izagirreren arabera, Arraindegi eraikina da osasun etxe berria egiteko “lekurik egokiena”, irisgarriagoa izango delako eta urtetako eskaerei erantzungo dielako. Donostiako Udalak lekua utzi, eta Eusko Jaurlaritzak ordainduko du zentro berriaren eraikuntza. Bi solairu izango ditu, 0 eta 1 solairuak hain zuzen ere, eta Aldamar kale aldera emango du. Jaurlaritzaren arabera, 2016an prest egongo da.
Merkararitza gune kudeaketa eredua zalantzan
Udalak erabilera publikorako Arraindegi eraikin osoa eskuratuko badu ere, beheko solairua dagoen bezala mantenduko dute. Hau da, orain arte bezala kudeaketa pribatua izango du.
Arraindegi eraikinean gaur egun dauden jarduerez galdetuta, zinema aretoak tarteko, Izagirreren arabera, “orain arteko kudeaketa ereduak, hau da, kudeaketa pribatuak, agerian utzi du ez dela bideragarria, ez dela egokiena. Urtez urte, lokalak nola ixten joan diren ikusi dugu. Dena dela, udal gobernuak komertzio txikiaren aldeko apustua egin du beti, eta kaltetuekin biltzen jarraituko dugu, laguntza eskaintzeko edo irtenbideren bat aurkitzeko”.
Zentzu horretan, Jabi Vitoria, Ogasun arduradunak argitu du udalak lekuaren kontzesioa egiten duela, eta ez duela erantzukizunik jardueraren bilakaeran eta bere ondorioetan. “Zinema aretoen itxierak kezkatzen gaitu, beste edozein jarduera komertzial ixten denean bezalaxe, noski, baina kasu honetan udalak ez dauka erantzukizunik”, esan du Vitoriak. Dena dela, Osakidetzarekin egindako hitzarmenak egoera aldatzen duenez, udalak Bretxako beste eraikinaren kontzesioa berriro negoziatu beharko du.
Hotel bat Lasala plazako eraikinean
Parte Zaharreko eta Erdialdeko osasun etxe berria Bretxan egiteak Lasala plazako udal eraikinari beste erabilera bat emateko aukera ematen du. Izan ere, hasiera batean Lasala plazako eraikina zen osasun etxe berria egiteko aukera nagusia.
Orain, ordea, hirugarren sektoreari begirako egitasmo bat aurkeztu du udal gobernuak. Hotel bat egitea litzateke aukera, betiere, lanpostuak sortzea izanik baldintza.
Izagirreren arabera, Lasala plazako eraikina salduta lortutako etekinekin, gainerako zerbitzu guztiak ordainduko lituzkete; “Bretxako egitasmoaren ondorioz sortutako gainerako aldaketa guztiak ordaintzeko adina eta gehiago lortuko litzateke Lasalako eraikinaren salmentarekin”.
Dena dela, horretarako udalak bosgarren solairua eskuratu beharko luke lehenik, Madrilgo gobernuarena baita. Bide horretan lanean ari direla adierazi du alkateak.