Parte Zaharrera eta Kaira mugatu dute merkataritza gune turistikoa
Merkataritza Aholkularitza Batzordeak merkataritza gune turistikoa Parte Zaharrera eta Kaira mugatzea erabaki du. Hala, nahi izatekotan bertako saltokiek urteko egun guztietan irekitzeko aukera izango dute. Bestalde, garai turistikoa uztaila eta abuztura mugatzea erabaki dute, ondorioz, irekieraren liberalizazioa bi hilabete hauetara mugatuko da. Neurri honekin merkataritza oreka desegonkortu dezaketen marka handiak erakartzea eragotzi nahi dute.
Hainbat lan bilera egin ondoren, udalak merkataritza arloko eragileekin elkarlanean hartutako erabakia izan da gaurkoa. Espainiako Gobernuaren merkataritzaren liberalizazio dekretua mugatuz “hiriko merkatari txikien heriotza” eragotzi dutela adirazi du Josu Ruiz, Garapen Ekonomikoko zinegotziak, eta era berean, sektoreko langileen lan baldintzak defenditzea izan omen dute helburu.
Ruizen arabera, Parte Zaharrek eta Kaiko ia establezimendu guztiek 150 metro koadro baino gutxiago dituzte, beraz, gaur egun ere jai egunetan irekitzen dute. Neurri honekin “egungo egoera ez aldatzea lortu dugu, merkatari txikia babesten jarraituz”.