Christian Merchan eta Jon Anza aktoreak, prentsa agerraldiaren ondoren. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
“Bagenekien lupaz begiratuko zutela gure filma, badakigu kontuzko gai bat dela”. Pablo Malo zuzendari donostiarrak bazekin ‘Lasa eta Zabala’ filmarekin begi asko jarriko zirela berarengan. Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren bahiketen, torturatzeen eta hilketeen gaineko filma egiten hasi zenean jendeak dolumina ematen ziola aitortu du, eta horrek gainera etorriko zitzaiona zer izango zen ikusarazi ziola. Zinemaz hitz egiteko gogotsu dagoela adierazi du, baina tamalez politikari buruzko galderak nagusitzen ari direla azaldu du: “Inbidia ematen didate Zinemaldiko beste zinemagileek, zinemaz hitz egiten ikusten ditut eta”.
Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean —lehiaz kanpo— aurkeztu du gaur filma, Kursaaleko auditorioan aurkeztu ondoren egindako prentsa agerraldi oso jendetsuan.
Malok zalantzarik gabe adierazi du garbi izan duela beti “non kokatu” den filmak kontatzen duenaren aurrean: “Hasieratik izan dut garbi ni posizionatu egiten naizela. Ez dut indarkeria jasaten, eta, kasu honetan, izugarrikeria bat jasan zuten bi pertsonaren ondoan jarri naiz”. Gertaera batzuk kontatzen dituen film bat dela nabarmendu du, eta ez dela alde baten edo bestearen aldeko film bat: “Nik beti esaten dut pertsona bat sufritzen ikusten dudanean eta gaizki pasatzen ari denean, beti jarriko naizela haren ondoan”. Argi utzi izan nahi du filmaren helburua: “Filma ikusi ondoren, hura sekula ez zela gertatu behar pentsatzen badute ikusleek, filmak bere helburua lortuko du. Horregatik bakarrik merezi izan duela pentsatuko dut”.
Lasa eta Zabala auziaren sumarioan (12.000 orriko sumarioa) oinarrituta dago filma, eta gertatutakoa kontatu nahi izan duela esan du Malok: “Inpunitatea, garaiko testuingurua, torturak…”. Halere, Joanes Urkixo gidoilariak, Joxe Portela ekoizleak eta Malok berak ez dute dokumental bat egin nahi izan. Badira elementu fikzionatuak; horietako asko Iñigo Iruin abokatuaren gainekoak. : “Erakutsi nahi genuen ez dela pertsona monolitiko bat; baditu bere ertzak”.
Guardia Zibileko kideak ez ote dauden karikaturizatuak galdetu diote prentsa agerraldian Malori, eta ukatu egin du zuzendariak:
“Ikerketa abiatu genuenean, konturatu ginen benetan segituz gero errealitateari, orduan geldituko zirela karikaturizatuak. Egia askoz muturrekoagoa zen. Badira hainbat gertaera ezin izan ditugunak filmean sartu, sinesgarritasuna galduko zuelako. Filmean egiten dituzten adierazpenak sumariotik hartutakoak dira, ez ditugu guk asmatu. Alderantziz, beldurgarriak diren hainbat gauza ezabatu behar izan ditugu”.
Christian Merchan eta Jon Anza aktoreek ere hartu dute hitza filmaren aurkezpenean. Bi gazte donostiarrak sartu dira Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren larruan. Torturen eszenak interpretatzea nolakoa izan den galdetu diete: “Denboran izandako distantziak lagundu zigun, guk ez dugu-eta Lasa eta Zabala kasua bizi. Oreka bat saiatu ginen gordintasuna eta sensibilitatearen artean”.