Udal gobernuko ordezkariak. (Argazkia: Donostiako Udala)
Ikasturte politikoaren lehen udalbatzarra liskarrekin hasi eta amaitu egin da. Hain zuzen ere, hiriko hainbat kale eta plazari euskarazko izen ofiziala emateko proposamenak sortu du ika-mika. Eztabaida hasi behar zutenean, oposizioak aretoa utzi du, eta udalbatzarra bertan behera geratu da.
Udal gobernuak adierazpen bat osatu du liskarren harira. Agerraldi bat egin du azalpenak emateko. «Udalbatzarra uzteko erabakia PSE-EE, PP eta EAJren unean uneko interes politikoei dagokie. Ezin da beste modu batera ulertu, eta salatu behar dugu gobernuaren aurka egitearen aitzakian, azkenean, euskararen normalizazioari kalte egiten dion irudia dela donostiar guztien aurrean eman dena», esan du alkateak. Hain justu, Izagirrek irakurri du udal gobernuak osatutako adierazpena.
Kale izendegiaren gaiarekin egindako lana defendatu dute Bilduko zinegotziek: «Udal gobernuak prozedura guztiak behar bezala eraman ditu. Gainera, kale izenen batzordera gaia eramanda, oposizioak berak proposatutako prozedura da aurrera eraman dena. Haiek eskatutakoa bete da, eta orain haiek esandakoaren kontra ari dira».
Proposamena egiteko Euskaltzaindiaren txostenetan oinarritu direla adierazi dute, baita lan teknikoa «bikaina» izan dela azpimarratu ere. «Oposizioko alderdiek emendakinak aurkeztu dituzte, eta normaltasun osoz erabakia hartzeko inolako arazorik ez zegoenean erabaki dute udalbatzarretik alde egitea. Donostiar guztiei azalpenak ematea dagokie», erantsi dute.