Udalbatzarra bertan behera geratu da, oposizioak aretoa utzi eta gero
295 plaza eta kaleri euskarazko izen ofiziala jarri nahi zien. EAJk eta Bilduk 47 emendakin aurkeztu ditu bakoitzak, PSE-EEk 12 eta PPk, 30. Azkenean, eztabaida ezin izan da gauzatu. Duela pare bat aste, udal alderdiek ere talka egin zuten gai honetan.
Iraileko udalbatzarra liskarrekin hasi da, eta liskarrekin amaitu, hamasei puntu besterik ez dituztenean jorratu, saioa hasi eta ordu eta erdira. Hain zuzen ere, hiriko kale batzuei euskarazko izena emateko proposamenak sortu du ika-mika. Udalbatzarra hasi aurretik, oposizioko ordezkariek udal gobernuari eskatu diote eztabaida hori atzeratzeko; hots, gaurko udalbatzarrean ez jorratzeko. Emendakin asko aurkeztu direlako, eta gaia ez omen dutelako behar bezala landu izan da EAJk, PSE-EEk eta PPk baliatu dituzten argudioak atzerapena eskatzeko. Juan Karlos Izagirre alkateak, ordea, nabarmendu du gaiak ohiko prozedura bete duela eta, gainera, «lan handia» dagoela atzean. Horrenbestez, ez du arrazoirik ikusi eztabaida atzeratzeko.
Udal idazkariaren iritzia ezagutu nahi izan du orduan oposizioak, baina alkateak ez dio hitza eman idazkariari, udalbatzarrarekin jarraitzeko agindua eman baitu. Une horretan, PSE-EEko bozeramaile Ernesto Gascok aurreratu du gai hori eztabaidatzeko puntuan, idazkariak hitz egin ezean, aretoa utziko zutela. Eta hala izan da. Liskarra sortu duen gaiaz hitz egiteko unea heldu da, eta Izagirrek eztabaida abiatzeko agindua eman du, idazkariari hitza eman gabe. Momentu horretan, PSE-EEko kideak ez ezik, EAJ eta PPkoak ere eserlekuetatik altxatu dira, eta aretoa utzi dute. Horrenbestez, alkateak udalbatzarra bertan behera utzi behar izan du, quorum faltagatik.
Kaleko kartel eta ikurretan euskarazko nahiz gaztelaniazko izenak ikusi arren, kasu gehienetan euskarazko izena ez dago ofizialki erregistratua. Horregatik, gaurko udalbatzarrean liskarra sortu duen puntuarekin, udal gobernuak