Udaletxean, gaur goizean, egindako saioa. (Argazkia: Donostiako Udala)
Donostiako Udalbatza aretoan gaur goizean egindako ekitaldi baten bidez hasiera eman zaio Hip Hip Urri egitasmoari. Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea eta Naiara Sampedro Hezkuntza zinegotzia hiriko 200 neska mutilekin elkartu dira datorren ostiralean hasiko den programari hasiera emateko. Donostiako 21 kultur gunetan familiei zuzendutako 140 jarduera egongo dira urriko asteburuetan. Amara Berri eta Ekintza ikastetxeetako 200 ikasleri banatu zaie egitaraua eta datozen egunotan lehen hezkuntzako 11.000 ikasleren artean ere banatuko da liburuxka. Alkateak
Okki eta Dokki-ren bidaia ipuina irakurri die. 2014 Europako Kultur Hiriburuaren harira idatzitako ipuin hau, hainbat hizkuntzetara itzuli da, eta hainbat hiritan irakurri dute egunotan October Children’s Month-ean (Hip Hip Urrik Europa osoan duen izena).
Haurra eta Kultura ekimena programa honen baitan txertatu da. Donostiako Udaleko Hezkuntza sailak, egitasmo honetako protagonistak haurrak direla jakitun, egitasmo hau babestu du sorreratik, eta partaidetza prozesu bat sustatu du umeek kulturaz zer pentsatzen duten jakiteko eta euren proposamenak egitarauan txertatzeko. Naiara Sampedrok adierazi duenez, asmoa izan da neska mutilek ikasgeletan hausnarketa prozesu bat egitea kultura ardatz hartuta: “Gaur prozesu horretan adostu dituzten proposamenak eta ondorioak aurkeztu dizkigute eta ekarpen horiek oso lagungarriak eta baliagarriak dira jarduerak antolatzen dituzten kultur guneentzat; haurrei zuzendutako kultur jarduerak badira, ezinbestekoa da kultura beraien begietatik begiratzea eta ulertzea”.
Iaz Jakintza Ikastolako 60 haur inguruk hartu zuten parte ekimenean. Aurten, berriz, Amara Berri Ikastetxeko eta Ekintza Ikastolako 200 neska mutilek egin dute lan prozesuan.
Haurrak eta Kultura egitasmoa Bartzelonan ospatuko den Nazioarteko Hiri Hezitzaileen topaketan aurkezteko aukeratua izan da.