Arraindegi eraikinean egingo dute Parte Zaharreko osasun etxe berria. (Argazkia: Lide Ferreira)
EAJko bozeramaile Eneko Goiak Juan Karlos Izagirre alkatearen agerraldia eskatu du, udal gobernuak Bretxarako aurreikusitako egitasmoaren “ondorio juridikoak eta ekonomikoak” argitu ditzan. “Une honetan, galdera asko ditugu, erantzunak baino gehiago”, adierazi du jeltzaleak.
Hain zuzen ere, EAJko ordezkariak esan du orain arte argi duten bakarra dela Eusko Jaurlaritza Bretxan Parte Zaharreko osasun etxea jartzeko prest dagoela. “Horretarako, udalak Osasun sailaren esku utzi behar du espazioa, baina eraikina erabiltzeko zintzilik egon daitezkeen kontuak lotuta. Eta hor dago, hain zuzen ere, lau haizetara aurkeztutako proiektuaren ahultasuna. Bilduren proiektuan gero eta gehiago murgildu, gero eta zalantza gehiago sortzen dira legalki eta ekonomikoki. Proiektuaren atzean inprobisazio eta zehaztasun falta kezkagarria dagoela dirudi. Horregatik, alkateak eta Bilduk azalpen bat zor digute”, erantsi du Goiak, eta dagokion udal batzordean agerraldia egiteko eskaera berretsi du.