Goizean, udaletxean, egindako agerraldia. (Argazkia: Donostiako Udala)
Herritarren partaidetza zuzena bermatzeko lanean ari da udal gobernua. Bide horretan, beste pauso bat eman du gaur, herri kontsultak egiteko araudi proposamen bat aurkeztu baitu. Partaidetza zinegotzi eta zuzendari Axier Jakak eta Amaia Agirreoleak egin dute agerraldia, 50 herritarrez osatutako Gizarte Eztabaida Taldeko hainbat ordezkarirekin. Dokumentua 2014ko ekaina eta iraila artean osatu dute, eta Gizarte Eztabaidaren emaitza izan da. Helburua datorren abendurako Donostiak herri kontsultak arautuak izatea da. Axier Jakak zehaztu duenez, “Donostiak herri galdeketak egiteko araudia akordiotik osatu nahi dugu, alderdi guztien artean, eta herri eragileekin batera”. Partaidetza zinegotziak azpimarratu duenez, “herritarrei galdetzea eta herritarrek erabakietan parte hartzea normaltasun osoz eta iraunkorki egitea da helburua.”
Udal gobernuak eta Gizarte Eztabaidako Taldeak aurkeztu duten dokumentua udalean ordezkatutako alderdi guztien artean eztabaidatuko dute. Horrekin batera, Donostiako herritar eta eragileek osatutako Kontraste Taldea sortuko dute. Kontraste talde honek bermatuko du herritarren parte hartzea, eta jarraipena egingo dio alderdien arteko eztabaidari. Eztabaida horretatik proposamen definitiboa aterako da. Udal gobernuak aurreratu du herri kontsultak egiteko araudia abenduko udalbatzarrean onartzea aurreikusten duela.
Araudia osatzeko egindako oinarrizko dokumentuak jasotakoaren arabera, gaur egungo sistema juridiko-politikoak demokrazia zuzena alboratzen du, garrantzitsuena, nagusia, ordezkaritza bidezkoa delako. Horixe da auzitegiek egin izan duten eta gehiengo politikoek mantendu duten interpretazioa, eta hala, 1978az geroztik ez dute hori aldatzeko lege-ekimenik sustatu. “Lehen interpretazio honek zaildu eta baldintzatu egiten du demokrazia zuzenaren garapena, baina garrantzitsua da aurrera egitea, hain zuzen ere, udal gobernuaren lehentasun politikoetako bat delako; eta herritarren eskaera bat delako; herritarrak erabaki kolektiboak hartzera erakartzeko duen ahalmen eta eraginkortasuna erakusteko modurik onena delako, politika herritar guztien eta ez gutxi batzuen ariketa bihurtuz», dio.
Udal mailako herri kontsultaren helburua, azken finean, herritarrek udal eskumeneko gai jakin baten inguruan duten iritzia udalak ezagutu ahal izatea izango da. Sustatzaileak udal taldeak edo herritarrak izatea proposatu dute.
Udal ekimenari dagokionez, edozein udal talderi egokituko litzaioke aukera; udalbatzarraren eskumeneko gaietan erabakia batzarraren gehiengoak hartu beharko luke eta Udal Gobernu Batzordeak onetsi beharko luke bere eskumeneko gaietan. Herri ekimenari dagokionez, proposamena babestua dagoela egiaztatzeko, sinadura bilketa egin beharko lukete. Kontsultak hiri mailakoak izanez gero, 18 urtetik gorako biztanleen % 4k eskatu beharko ditu, eta auzo mailakoak badira, auzo horretako % 8ak.
Era berean, edozein udal taldek edo herritarrek, 300dik beherakoa ez litzatekeen sinadura kopuru baten bitartez, udalari kontsulta baterako deialdia egitea eskatzeko parada lukete, proiektu jakin batek baldintzak betetzen dituela uste izanez gero.
Boto-emaileak 16 urtetik gora izan eta hirian erroldatuta egon beharko dute. Kontsultaren eremua hiria baino txikiagoa izanez gero, auzoa esaterako, botoa emateko zilegitasuna edukiko duten pertsona bakarrak beren helbidea lurralde-eremu horretan dutenak izango dira.
Asteazkenean, aurkezpen publikoa
2013ko urrian Miramar Jauregian Demokrazia Zuzenaren inguruan egindako jardunaldietan, Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek Donosiako Udal Gobernuak Demokrazia Zuzenaren inguruko ponentzia aurkeztu zuen 150 herritar, eragile eta ordezkari instituzionalen aurrean. Ponentzia hartan galdera hau egiten zen: Beharrezkoa da Donostian Demokrazia Zuzenerako mekanismoak garatzea hiria denon artean eraikitzeko?
Aurtengo maiatzean, udalak gizarte eztabaida prozesua jarri zuen abian, Donostiarako Demokrazia Zuzeneko eredua era kolektiboan eraikitzeko. Eztabaida horretan, 50 donostiar eta eragilek hartu dute parte, gizarte eztabaida horren lanaren fruitua da gaur aurkeztu duten dokumentua.
Jakak deialdia egin die herritar guztiei dokumentuaren aurkezpen publikoan parte hartzera. Aurkezpen hori asteazkenean izango da, 19:00etan, Miramar Jauregian.