Film irabazlearen lan taldea. (Argazkia: Montse Castillo / Zinemaldia)
Carlos Vermuten bigarren film luzea Donostiako Zinemaldiaren 62. ekitaldi irabazlea izan da;
Magical Girl filma, hain justu. Ekoizpen espainiarrak film onenaren Urrezko Maskorra eta zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra jaso ditu. Kritika oso onak jaso zituen arren, Jose Mari Goenaga eta Jon Garaño donostiarrek zuzendutako
Loreak filmak ez du sari bakar bat ere eskuratu.
Gizonezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra Javier Gutierrezentzat izan da (
La isla mínima) eta emakumezko aktore onenarena Paprika Steenentzat (
Silent Heart). Epaimahaiaren Sari Berezia Cedric Kahnen
Vie Sauvage filmak jaso du, eta gidoi onenaren garaikurra Dennis Lehanek,
The Drop filmerako idatzitako testuagatik.
Gaixorik dagoen Alicia neskatoak Japoniako
Magical Girl Yukiko telesaileko soinekoarekin amesten du. Horrela hasten da film irabazlearen istorioa. Bere aitak, Luisek, bere esku dagoen guztia egingo du soinekoa lortzeko. Bere zoriak Barbara eta Danielen zoriekin topo egingo du. Barbara gazte erakargarriak buru-nahasmenduak dauzka; Damian, berriz, irakaslea da, baina bere iragan oinazegarria ez beste guztia utzi du. Guztiak xantaia ilunen sare batean harrapatuta geratuko dira, non sena eta arrazoia tragikoki borrokatuko diren.
Carlos Vermutek (Madrid, 1980) zuzendu du pelikula, eta lan honi esker, Urrezko Maskorra ez ezik, zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra ere jaso du. Vermutek komiki arloko Injuve saria irabazi zuen 2006an, eta handik gutxira, bakarrik egindako lehenengo komika kaleratu zuen,
El banyan rojo.
2008an, TVEko
Jelly Jamm telesailaren sortzaile gisa lan egin zuen, eta hurrengo urtean, VII. Notodofilmfest irabazi zuen,
Maquetas izeneko lehenengo film laburrarekin. Urte horretan bertan, bigarrena egin zuen,
Michirones. 2011n, Psicosoda Films ekoizpen-etxea sortu eta
Diamond Flash bere lehenengo film luzea zabaldu zuen, modu independentean, Filmin izeneko online zinema-plataformaren bidez. 2012an,
Don Pepe Popi film laburra idatzi eta zuzendu zuen eta
Cosmic Dragon komikia kaleratu zuen.