Giza katea, Kursaal zubian. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Gure Esku dago dinamikaren olatua Zinemaldira iritsi da. Jaialdiaren azken egunean, ikus-entzunezko arloko zenbait aurpegi ezagunek agerraldia egin dute Kursaal aurrean, erabakitzeko eskubidearen alde. Agerraldia bukatu ostean, milaka herritarrek giza katea egin dute Zurriola hiribidean, Kursaal zubian eta inguruko kaleetan. Olatua ere egin dute, aldarrikapena lau haizeetara zabaltzeko. Kantua eta musika ere izan dira nagusi, aldarrikapen eguna festa bilakatu baitute.
Lehenago, hainbat aktore Kursaal kanpoaldean jarritako eszenatokira igo dira, eta adierazpen bat irakurri dute euskaraz, gazteleraz eta inglesez. Tartean ziren Josean Bengoetxea, Oihana Maritorena, Eneko Olasagasti, Ramon Agirre, Telmo Esnal, Igor Otxoa, Olatz Beobide eta Iñake Irastorza, besteak beste. Eskoziaren adibidea ekarri dute gogora, eta Euskal Herrian ariketa bera egitea aldarrikatu dute. “Hemen nahi dugu ere”, esan dute. Euskal Herrian zer gertatuko den ikusteko dagoela adierazi dute, “baina badakigu gure esku dagoela”, berretsi dute. “Pelikula hau nola bukatu den erabakitzea gure esku dago. Gidoia denon artean idatzi nahi dugu”, erantsi dute.