Beldurrezko Astearen Gazte Epaimahaian izena emateko epea zabalik da
Aurten 25 urte beteko ditu Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteak, eta aurten ere, azken 9 urtean bezala, Gazte Epaimahaia sortuko dute. Beraiek aukeratuko dute aurtengo ekitaldiko film laburrik onena.
Gazte Epaimahairako aukeratukoek Antzoki Zaharrera azaldu beharko dute urriaren 24an, 16:00etan, han emango baitituzte lehiaketa honetara aurkeztutako film labur guztiak (3 orduko iraupena izango du guztira). Emanaldiaren ondoren, epaimahaikide bakoitzak bere botoa eman beharko du. Boto horien arabera erabakiko da zer filmek irabaziko duen Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XXV. Asteko Film Laburrik Onenaren Gazte Saria.
Parte hartu nahi dutenek 18 eta 30 urte bitartean izan behar dute. Epaimahaikide kide guztiek ondorengoa jasoko dute: Viktoria Eugenia Antzokian emango diren emanaldietara (umeentzako filmetara izan ezik) joan ahal izateko 2 abonamendu, katalogo ofiziala eta 2000 maniacos fanzine berezia.
Gazteria Sailaren webgunean, eman daiteke izena, urriaren 1etik 14ra. Informazio gehiago eskura daiteke Donostiako Udalaren Gazteria Sailean (Mari kalea, 1 2.solairua, gazteria@donostia.org, 943 481909).