Bere herritik alde egin duen jendea izango du ardatz 'Ihes' ikuskizunak
Amets Arzallus bertsolariaren hitzek eta Joxan Goikoetxea akordeoilariaren musikak osatuko dute igandeko emanaldi berezia.
Donostia Kulturaren webgunean.
Ihes, halaxe izena du Amets Arzallus bertsolariak eta Joxan Goikoetxea akordeolariak osatu duten ikuskizunak. Bilbo, Iruñea eta Hernanitik igaro ostean, Antzoki Zaharrera iritsiko da igandean, 19:00etan. “Inork ikusi nahiko balu, ez dezala gerorako utzi, aukera gutxi egongo baitira”, azpimarratu du Arzallusek gaurko aurkezpenean. Bere herritik alde egin duen jendea du oinarri ikuskizunak, horren inguruko gogoeta egin du Arzallusek, eta hitzetan islatu du; aldi berean, testu eta bertso horiek, musikaz jantziko ditu Goikoetxearen akordeoiak.
Sortuko dira besteak ikuskizunean ezagutu zuten elkar bertsolariak eta musikariak, duela lau urte inguru. Oraingoan, ordea, beste era bateko ikuskizunarekin datoz. Arzallusek alde batera utziko du bapateko bertsoen jarduna, eta idatzitako testuak irakurri eta kantatuko ditu. “Mundua betea dago bere herritik ihes egiten duen jendez, euskaldunak tartean, baina ez euskaldunak bakarrik. Hori oinarri hartuta, gogoetak egin ditut”, azaldu du Arzallusek. Hitzezko gidoia eta musika gidoia izango ditu emanaldiak, eta elkar gurutzatuko dira, bati zein besteari protagonismoa emanaz. “Elkarrekin bidaia bat egingo dugu. Iheslariak zenbait gauza eramango ditu bidaia horretan; hizkuntza, oroitzapenak eta musika”, azaldu du Goikoetxeak.
Goikoetxeak argi utzi du bertsolariek ez dutela gogoko izaten gauza bera behin eta berriz errepikatzea, ez baitaude horretara ohituak. “Ikuskizunari aldaketak egin dizkiogu, batzuk hobetze aldera, eta beste batzuk, bertsolariaren senak berak eskatuta”, gehitu du akordeoilariak.
Igandeko emanaldirako sarrerak dagoeneko salgai daude, 12 euro truke,